Zaldibiako Udala 2020tik murgilduta dago Oinherri Sarean, baina elkarteak irabazi asmorik gabeko elkarte komunitario bilakatzeko pausua eman duenez, Udalak bazkide laguntzaile izatera gonbidatu dituzte. Astearteko osoko bilkuran eskaera hau onartu egin zen EH Bilduko ordezkarien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVko ordezkarien abstentzioarekin.
Maiatzaren 2ko Ohiko Osoko bilkuran Zaldibiako Udalbatzak onartutakoa:
2023ko urtarrilaren 23an Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteak (aurrerantzean Oinherri Elkartea) idazki bat aurkeztu zion udalari (erregistro sarrera zenbakia A/23-00102). Idatzi horretan elkarteak adierazten du herri hezitzaileen sareko parte diren udalei, Zaldibiako Udala kasu, Oinherri elkartean bazkidetzeko aukera eman nahi diela, Oinherri, irabazi asmorik gabeko elkarte publiko komunitarioa bilakatuz.
Elkarlanean oinarrituko den ko-gobernantza eredu bat eraikitzea proposatzen dute. Adierazten dute, “hasiera batean, udal gutxi batzuekin elkarlanean hasi baziren ere, egun 35 udalek osatzen dute Euskal Herri mailako herri hezitzaileen sarea” eta, ondorioz, “Oinherri ko-sorkuntzarako espazio bat bilakatu” dela. Horregatik, estatutuak berritu dituzte eta bi bazkidetza mota zehaztu dituzte: bazkide sustatzaileak eta bazkide laguntzaileak (estatutuen 27. artikulua). Zaldibiako Udalari bazkide laguntzaile izateko gonbidapena egin dio eta bazkidetzaren ekarpen ekonomikoa, kuota, 1.000 eurotan zehaztu du.
Zaldibiako Udalak eta Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteak bat egiten dute herri hezitzaileak egituratzen eta sustatzen dituzten zazpi printzipioekin:
Guzti hau garatzeko asmoz, 2020 urtean, Zaldibia herri are eta hezitzaileagoa izateko urratsak ematen hasi zen Oinherriren eskutik. Lehen urratsa izan zen herri mailan herri hezitzailearen filosofia aurkeztu eta ezagutzera ematea. Berdintasuna, Aniztasuna, Gazteria eta Hezkuntzako lan arloko kideen bultzadarekin Zaldibiako Udalaren eta Oinherriren arteko elkarlana 2020ko martxoaren 5ean sinatutako akordio bidez formalizatu zen.
Pandemia garaia bete-betean zela, hainbat ekimen burutu ziren Herri Hezitzaileen filosofia praktikara eramanez: haurrentzako eskaintza digitala, internet konexioa bermatzea, liburuen mailegua etxeraino, buruhandien bisita balkoiz balkoi, eta bereziki azpimarratzekoa Uda bizia programa. Gainera, haur eta nerabeekin lan egiten duten herriko eragile ezberdinen diagnostikoa osatzeari ere ekin zitzaion.
2021. urtean “Zaldibi, gaztetxoen kabi!” diagnostiko eta proiektuaren abiatzea nabarmenduko genuke, Emun aholkularitzarekin eta Oinherri Sarearekin elkarlanean burutu zena, eta gaur egun abian jarraitzen duena DBH 1.etik 3. mailara arteko gaztetxoentzat. Horretaz gain, Lardizabal Herri Eskolako Batzorde mistoak berraktibatu ziren, udal ordezkari eta teknikariek ere bertan parte hartuz. Udal irudi berriaren aukeraketan ere haurren eta gaztetxoen parte hartzea bideratu zen.
2022ari dagokionez, aurreko urteko ekimenek aurrera jarraitzeaz gainera, bereziki aipatuko genuke “Ertzetik Erdira, espazioen sorkuntza auzolanean” prozesuaren baitan, Espazio Publikoa eta Herri Hezitzaileak hitzaldi eta tailerra, baita gaur egun oraindik ere herriko haur eta nerabeek plazaren eraberritzeko diseinuaren lanketan duten partaidetza aukera.
2023ari dagokionez, plazako diseinuaren zehazte prozesuaz gain, udazkenerako Txatxilipurdiren gidaritzaz Zaldibia: herri hezitzailea, herriaren funtzio hezitzailea egituratu eta hedatzeko proiektua mamitzen hasiak gara.
Udal ordezkari eta teknikariek Oinherri Herri Hezitzaileen Sarearen hainbat forotan ere parte hartu dute urte hauetan, horrek formakuntzarako aukera emateaz gain, beste esperientziak eta beste herrietako ordezkari-teknikarien arteko ezagutza sustatzen duelarik. “Herri Antolamendua eta Herri Hezitzailea”, “Haur eta nerabeen partaidetzarako organoak”, “Eskola Kirolari buruzko jardunaldiak”…
Proposamena:
Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartek idatzia aurkeztu dio Zaldibiako Udalari Oinherri irabazi asmorik gabeko elkartean bazkide laguntzaile moduan bazkidetzera gonbidatuz.
Oinherri Elkarteak sustatzen dituen printzipioak bat datoz haur eta gazte-politiken printzipio orokorrekin, haurren, nerabeen eta gazteen eskubideekin, eta, baita, Zaldibiako Udalaren haur eta gazte-politika eta -eskumenekin.
Honakoa ONARTU DU UDALBATZAK:
LEHENA.- Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteak egindako eskaera onartu eta bazkide laguntzaile gisa elkartearekin bat egitea.
BIGARRENA.- Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteari urtero 1.000 euro ematea bazkide laguntzaile gisa, ondorengo partidaren kargura: 1 0000.422.326.0101 2023
HIRUGARRENA.- Herritarrei erabaki honen berri ematea.
Zaldibian, 2023ko maiatzaren 2an.
EH Bilduko ordezkarien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVko ordezkarien abstentzioarekin onartua.
OINHERRI HERRI HEZITZAILEA: WEBGUNEA