Kimuene kulturguneko areto berria: laster martxan

Abenduan amaitu ziren Kimuene Kulturguneko areto berriko lan nagusiak, eta estreinatu ere egin zen neguko oporretan nahiz eta hainbat lan oraindik egiteko dauden. Ispilua eta sarraila jartzea falta da nagusiki, eta datorren astean espero da lan hauek egitea. Hortik aurrera martxan izango da Gereziondo izena hartu duen aretoa ere. Jarraitu irakurtzen.

 

2018ko abenduan, euskararen egunarekin batera zabaldu zituen ateak Kimuene Kulturguneak. Artxanberri eraikinean, 1 eta 2 zenbakidun atarien artean kokatutako lokaletan egokitu ziren 7 gela, areto nagusi bat, bi biltegi eta komunak. Oraindik, ordea, 145 m2 inguruko eremua egokitu gabe geratu zen, behe solairuan, Kimuene Kulturgunearen eta Udal-biltegiaren artean, hain zuzen ere.

 

Eremu honen egokitze lanak egiteko erronka hartu zen 2022an, proiektua idatziz, osoko bilkuran aho batez onartuz eta Foru Aldundiko eta Europako Leader diru-laguntzetara aurkeztuz. Guztira 80.000€-ko kostua izan du egokitzapenak eta 6.000€ hornitzeak. Zati handiena diru-laguntzen bidez berreskuratu da, 44.729,56€ lortu dira Foru Aldundiko Landa herrien garapenerako laguntzatik eta Leader laguntzatik beste 35.038,16€.

 

Gereziondo Aretoaren deskribapena:

Lokal honetan, barne zatiketarik gabeko eremu irekia egokitu da, kale aldera goitik beherainoko leihoak dituena erabat zabaltzeko aukerarekin eta bi sarbide aukerekin: Kimuene barnetik eta kaletik zuzenean.

Ekipamenduari dagokionez, altzari finko gutxi batzuk jarri dira: ur-arraska bat, ispilua (datorren astean, eta mugigarriak diren aulki, mahai eta armairuak. Izan ere, Kimueneko beste eremu gehienak bezala, erabilera anitzerako aretoa izango da, guztietan handiena, eta kalearekin harreman handiena izango duena.

    

Erabilera:

Gereziondo aretoa Iztueta Dantza Taldeak erabiliko du lehentasunez momentuz. Bertan dituzte entsegutarako beste areto bat (Pagoa aretoa) eta dantzako jantzi eta materialen biltegia ere. Gaur egun Luberri gimnasioan ematen dituzten saioak Kimuenera ekarriko dira beraz guztia prest izatean.

Dantza taldearen ordutegietatik aparte, ordea, Kimueneko beste ohiko erabiltzaileentzat (Musika Eskola, Bertso Eskola) eta sortuko diren bestelako beharrentzat eskuragarri egongo da areto berria. Datozen hilabeteetan beraz, aztertu eta antolatuko dira gainerako erabilera horiek. Adierazi behar da, Kimuene Kulturguneari buruzko informazioa Karreane Kultur Etxean eskatu daitekeela eta herritarren eskaerak/ekarpenak ere bertara bideratzea eskertuko dela.

 

Kimuene Kulturgunea: abiada hartzeko prest

Areto berria erantsita, Kimuene Kulturgunearen espazioak erabat osatzea lortu da batetik. Pandemiak bere garapena pixka bat atzeratu badu ere, Kimuenek herriko kultur kimuen gunea izan nahi du. Herriko kultur talde eta norbanakoen jarduerak gauzatzeko guneak eskaintzeaz gain, espazio berdina elkarbanatuz hauen arteko josketa bultzatu nahi da. Zergatik ez bertso-musikatuen emanaldi bat osatu bertso eta musika eskolako ikasleen artean? Edo dantza ikuskizun bat pianoaren doinuez?

Datozen hilabeteetan herriko eragile eta norbanakoekin egingo da proiektu hau hauspotzeko lanketa, pausoka pausoka.