Eusko Jauraritzak EAEko merkatu eta plazetako salmenak debekatzeko hartutako erabakiaren aurrean, hainbat eragilek manifestua plazaratu dute eta bertara atxikitu da Zaldibiako Udal Gobernua. Baserritar eta erosleen eskubideak babestu daitezela eskatu du, baita azoka antolatzeko udal eskumena errespeta dadila ere.
Manifestu bateratua argitaratu dute 60 eragile inguruk, ekoizleak, kontsumo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak eta alderdiak tartean. Zaldibiako Udal Gobernua ere atxikitu da eta honakoa adierazi nahi izan die herritarrei:
1.- Zaldibiako Udal Gobernua "Merkatu eta azokak irekita nahi ditugu" adierazpenera atxikitu da.
2.- Ez dugu ulertzen asteazkenean argitaratutako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren agindua. Emandako arrazoiak ez dira errealitatera egokitzen, kosta ala kosta mantendu diren azoketan beste edozein saltoki handitan baino arazo eta arrisku gutxiago baitago.
3.- Alarma egoera baliatuz eskumenak zapaltzea ez da zilegi. Azokak zerbitzu publikoa dira eta Udalon eskumenekoak.
4.- Baserritarren eta herritarren eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, eta horretarako azokak eta merkatuak mantentzea, Covid-19a dela eta Osasun Sailak ezarritako segurtasun-neurriak betez, noski.
5.- Baserritar eta ekoizleei adierazten diegu Zaldibiako Udalak borondate osoa duela beren produktuak saltzeko dituzten zailtasunei aurre egiten laguntzeko eta horretarako bideak eskaintzeko. Interesatuak jarri harremanetan Zaldibiako Udalarekin (943 88 03 57).
6.- Herritarrei dei egiten diegu gure ekoizleen elikagaiak lehenetsi ditzatela, bai dendari txikien bidez edota baita zuzeneko erosketa bidez ere, eta debekuaren harira sortuko diren ekimenetan parte har dezatela.
Hemen irakurri dezakezu "MERKATU ETA AZOKAK IREKITA NAHI DITUGU" MANIFESTUA eta sinatzaileen zerrenda.