Zaldibiako Udaleko "Komunitatea eta zaintza" arlotik, azaroaren 9a eta 19aren artean zaintzaren inguruko inkesta zabaldu zitzaien herritarrei. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra gainean dugun honetan, inkestaren emaitzak eta hauetatik ateratako ondorioak edo gogoeta jarri nahi genuke ikusgai.
Galdeketatik ateratzen ditugun ondorioak azaltzerako, garrantzitsua da azpimarratzea jasotako emaitza kopuruak ez duela herriaren egoera islatzen. Izan ere, jasotako lagina oso txikia da. Hala ere, lagina hain txikia izateak eta galdeketa hau erantzuteko tartea zein profiletako jendeak hartu duen ikustea bere horretan ere esanguratsua da.
Esate baterako, galdeketa erantzun duten gizonak ez dira laurdenera ere iristen, eta adinari erreparatuz 16-35 adin tartean dagoen gizon bakar batek ere ez du erantzun.
Ondorioz, gure herriko egoeraren argazki bat ateratzerik ez badago ere, zaintzaren inguruko galdeketa ireki batean erantzunen %74,6 emakumeena izateak argi uzten du gaiarekiko jarrera aktiboagoa gurean ere nork duen. Hau da, nor ukitzen duen gehiago eta nork sentitzen duen bere gain honen inguruan hitz egin beharra.
Eustatek egindako galdeketen emaitzetan, berriz, ikusten da sexuan oinarritutako lan banaketak jarraitzen duela, denboran oinarrituta. Emakumeek ordaindu gabeko etxeko lan eta zaintza lanei gizonezkoek baino denbora gehiago eskaintzen dietelarik.
Emakumeek gaur egun lan-indarrean duten integrazioa aurrerapen esanguratsuen eskutik joan da: jarduera eta enplegu-tasa handiagoa, hezkuntza- eta formakuntza-maila hobetzea, zenbait jarduera edota enpleguan hauen presentzia hazkorra, etab. Hala ere, emakumeek enpleguan izandako sarbide masiboa lan-merkatua eraldatzea lortu ez duen prozesu osatugabea da. Lan-merkatuak oraindik emakumeen aurkako joera izaten jarraitzen duelarik, bere gaitasunak gutxietsiz eta segregazio-egoerak, mendekotasun eta desberdintasunak iraunaraziz.
Lan-munduan emakumeek duten parte-hartze txikiagoa, etxeko lan eta zaintzaren erantzukizunean banaketa ezberdina izatearen sintoma da, horrek emakumeen aukerak mugatzen dituelarik.
Aipatu behar da sexuaren araberako lanaren banaketa arazo politiko garrantzitsua dela. Izan ere, bizitzaren sostengua biztanleria osoari eragiten dion ekintza bat da eta ez emakumeek dohainik beren gain hartu beharreko betebeharra. Bizitza sostengatzen duten lan hauek ikusaraztea eta aitortzea oinarri-oinarrizkoa den lana da, baina baita ere, lan hauen banaketa eta erantzunkidetasuna. Izan ere, nagusiki emakumeek burutzen dituzten lan hauek aitortza sozial handiagoa izango balute, emakume eta gizonen artean lan hauen banaketa askoz ere orekatuagoa izango litzateke. Banaketa ekitatiboa ekonomia desberdintasunak eteteko beharrezkoa den baldintza delarik.
Zaintza lanik gabe egungo sistema ekonomikoa irauli egingo litzateke. Zaintza lan hauek ordea, ezkutukoak, prekarizatuak, feminizatuak eta arrazializatuak daude. Bizitza sostengatzeko lan erreproduktibo guztia esparru feminizatuetan ematen da eta horietan klase gatazka oldarkorra izaten ari da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan, zaintza kate globalak bazterrean eta ikusezin nahi baititu.
Familiaren egituran ematen ari diren aldaketen eta gizartearen zaharkitzearen ondorioz, emakume eta gizon askok aurre egin beharko diete ordaindu gabeko zaintza lan eta ordaindutako lanen arteko gatazka potentzialari. Ondorioz, genero-rolen berdintasunean babes gehiago aurreikusi beharko litzateke eta praktikan jarri.
Euskal Herrian, gaur egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Zaintza lanak emakumeon gain uzten dituzte eta emakumeok egiten dugun lanaren produktibitateaz baliatzen dira metaketa kapitalistarekin jarraitzeko. Horrekin lotu behar da familietan ematen den esplotazio patriarkala, zeinetan emakumeen gehiengo batek doan egiten duen lan.
Bukatzeko aipatu, ordaindutako zein ordaindu gabeko zaintza lanek, etorkizunean lan egoki bat izateko ezinbesteko garrantzia daukatela. Biztanleriaren hazkundeak, gizartearen zaharkitzeak, lan merkatuan emakumeek duten bigarren mailako posizioa eta politika sozialean dauden hutsuneek, gobernuak, langileak, sindikatuak eta herritarrek zaintza lanen antolaketari dagokionean premiazko neurriak hartzea eskatzen du. Gaur egun, zaintzaren zerbitzuan eta bere kalitatean dagoen gabeziari ez bazaio aurre egiten modu egoki batean, mundu mailan zaintzaren krisi larri eta eutsi ezinezkoa sortuko da eta lanean generoen arteko desberdintasuna handituko da.
Erakundeon aldetik, aipatu gure ardura dela zaintzarako eskubide unibertsala aitortzea eta bermatzea. Zaintza sistema publiko-komunitariorako bidean, erakundeok horren apustua egin behar dugu. Egia da ez dela horren erreza eta ezta ere egun batetik bestera lortu dezakeguna, baina egoera hobetzeko konpromisoa hartu eta lanean jartzea tokatzen zaigu. Zaintzarako euskal sistema publiko-komunitario baten aldeko apustu sendoa egin nahi dugu. Planteamendu honek zaintza zerbitzuen berrantolaketa, dibertsifikazioa eta publifikazioa ekarriko duelarik.
Beraz, zaintza-lanek familiarizatuak, feminizatuak eta arrazializatuak egoteari utzi behar diote. Ezin dugu bizitzaren zaintza jendarteko sektorerik zapalduenen esku uzten segi.
DEIALDIAK ZALDIBIAN:
Bestalde, honekin lotuta, Aske Talde Feministak eta herrian A30eko Greba antolatzeko bildutako eragileek, Goierriko Koordinadora feministarekin batera jarraian ageri diren deialdiak egin dituzte: