Jarraian irakur dezakezue azken osoko bilkuran hartutako erabakien berri.
Urriaren 12an, asteazkena, ez-ohiko osoko bilkura egin zen udaleko batzar aretoan. 9 udal ordezkaritatik 8 bertaratu ziren bilkurara. EAJ-PNVko bi udal ordezkari bilkurara etorri baziren ere, “deialdia egiteko erabili den moduagatik” ez dutela bozketetan parte hartuko adierazi zuten. Bozka horiek abstentzio moduan jasotzen dira legearen arabera, plenora bertaratu baitziren.
Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak adierazi zienez pleno deialdia egiteko arrazoi nagusia 2023ko tasa eta zergak garaiz onartzean datza, urriaren 31 baino lehen GAOn iragartzen direla ziurtatzeko gastu gehigarririk egin behar izan gabe. Alkateak gaineratu zuenez “urriaren 12a lan eguna da guretzat” eta idazkaria prest azaldu zenez, halaxe egin zen deialdia. Idazkariak argitu zuen pleno deialdia legea betez egin zela.
Honakoak izan ziren gai-zerrenda eta hartutako erabakiak:
- 2022ko uztailaren 28an egindako bileraren aktaren irakurketa eta bere kasuan, onespena.
EHBilduko 6 udal ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin, onartuta geratu zen.
- Zaldibiako Udala Biziola Kooperatibako bazkide laguntzaile izatea onartzea eta biztanleko 2€-ri dagokion diru ekarpena egitea onartzea, hala badagokio.
Azalpena: Biziola Kooperatibak Goierri burujabeago, orekatuago eta iraunkorragoa eraikitzea du ardatz eta bere egituraketan, Bazkide laguntzaileen figura dauka, udalek eta bestelako erakundeek (%10eko portzentaian) parte har dezaten. Udalbatzari Zaldibiako Udala bazkide laguntzaile izatea eta sarrera kuota gisa biztanleko 2€ko diru-ekarpena egitea proposatu zitzaion.
EHBilduko 6 udal ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin, onartuta geratu zen.
- 2022ko ordenantza fiskalen 2.aldaketa onartzea: Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen Ordenantza (Hautaketa prozesuetan parte hartzeagatiko tasa).
Azalpena: 20/2021 legea dela eta, langilego publikoaren behin-behinekotasun tasa murriztea helburu duena, plaza publiko ugari mota ezberdinetako oposizio-lehiaketetara aterako dira urte bukaerarako. Hau dela eta, mugimendu handia espero da izen-emate eta meritu balorazioetan, horrek udalen kudeaketan ekar dezaketen lan-karga gehigarriarekin. Hori dela eta, egoera honi erantzuteko eta beste herrietan ere bide bera hartu delarik, 20€ko tasa berria sartu da 2022ko ordenantza fiskaletan Zaldibiako Udalak deitutako hautaketa prozesuetan parte hartzeagatik ordaindu beharko dena.
EHBilduko 6 udal ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin, onartuta geratu zen.
- 2023 ekitaldirako ordenantza fiskalen aldaketa onartzea.
Azalpena: datorren urteko tasa eta zergen inguruan, udal gobernu taldeak bere proposamenaren lerro nagusiak azaldu zituen. Hainbat zerbitzutan izoztu egingo dira aurtengo prezioak mantenduz (etxez etxeko zerbitzua esaterako) eta beste batzuetan %1,5eko igoera egingo da, “KPIaren oso azpitik, etxeetan zama handiagoa eragin nahi gabe baina udal kontuen oreka ere bilatuz”. Aldaketa handiena hondakinen tasan egongo da, Mikel Luloaga zinegotziak azaldu zuenez: “urtero progresiboki egiten ari garen igoera dago batetik, baina hondakinen bilketa eta tratamendua %5-6 garestituko dela ere jakinarazi digute. Era berean, hondakin gutxi sortu eta ondo birziklatzen dutenei hobaria emango zaie urtarriletik aurrera. Sortze bidezko hobari sistema jarriko da, eta konpostarako aukera ere emango da”.
EHBilduko 6 udal ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin, onartuta geratu zen.
5. 2022ko ekitaldirako aurrekontu exekuzioa araua aldatzea, Almitza sega elkartea, Ardiki Kofradia eta Txanbolintero txistulari taldeak dirulaguntza zuzena jasotzeko.
Azalpena: 2022ko aurrekontuetan moldaketa bat egitea proposatu zaio udalbatzari, herriko hiru elkarte horiek zuzeneko diru-laguntza jaso dezaten, urteroko diru-laguntzen deialdi irekian aurkeztu beharrik gabe. Diru kopuru txikiko kasuak edota egun bateko ekimenak direla kontuan hartuz, hala egitea adostu da aurrez taldeekin, orain arteko bideak eragiten zien lan gehigarria kendu asmoz.
EHBilduko 6 udal ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin, onartuta geratu zen.