Martxoaren hasieran eman zituen lehen pausuak Zaldibiako nerabeek, herriarekiko duten lotura indartzeko asmoz sortutako partaidetza prozesuak. Heldu da unea, udan geldialdia egin ondoren, eurek egindako lan eta ekarpenei erantzuna eman eta hurrengo urratsak haiekin elkarbanatu eta adostekoa.
Prozesuaren muina nerabeekin eginiko bi saiotan garatu zen. Lehenengo saioan, diagnosi orokor bat egitea zen helburua, nerabeengandik euren beharrak, herriarekiko pertzepzioa eta eguneroko arazo-erronkak jasoz.
Bigarren saioan, berriz, aurreko saioko diagnostikoan azaldu ziren hainbat gai mahaigaineratu eta proiektuak diseinatu zituzten.
Azkenik, udako atsedenaren aurretik, itzulerako saio bat egin zen ekainean gaztetxo eta gurasoekin, ateratako ondorioen berri eman eta elkarrekin hausnartzeko.
Gaztetxoekin egindako saio horietan, nagusiki bi behar hauek atera ziren:
1.- Aisialdirako dinamizatzaile baten nahia eta beharra zegoela.
2.- Gaztetxoek beraientzako egokitutako espazio bat nahi eta behar zutela.
Nahi eta behar horiei erantzuteko unea iritsi da. Horretarako, lehenik, gaztetxo hauen gurasoekin bilduko gara hurrengo ostegunean, urriaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, Udal Areto Nagusian.
Gaztetxoekin, hurrengo egunean, urriaren 22an, 18:30ean, leku berean bilduko gara proposamenaren berri eman eta ekarpenak jasotzeko.
Gaztetxoak erdigunean jarri eta hauei hitza eman eta erantzunez, denon artean zerbait berria sortu eta eraikitzera goaz.