Osoko bilkuretako kronikak

Ekainaren 27an, bi ez-ohiko osoko bilkura ospatu ziren Zaldibiako udaleko batzar aretoann. Lehena, udalbatza berriaren aurreneko plenoa, legealdiko antolaketari buruzko erabakiak hartzekoa. Eta jarraian bigarrena, esku arteko beste gaiak ebaztekoa. Jarraian xehetasunak.

OSOKO BILKURA I:

Asteartean, arratsaldeko 18:30ean hasi zen legegintzaldi honetako lehen osoko bilkura, Ioritz Berra Juaristi alkate izendatu berriak gidatua.

Honakoak izan ziren aztergaiak eta hartutako erabakiak:

  1. Udala eratzeko eta Alkatea aukeratzeko Udalbatzaren Akta Irakurri eta hala badagokio, onartzea.

Aho batez onartu zen ekainaren 17ko bilkurako akta.

2. Udalbatzaren maiztasunari dagokion proposamena.   

Alkateak udal gobernuaren proposamena azaldu zuen, hau da, ohiko plenoak hilero egitearena, hileko azken ostegunetan 18:30ean udaletxeko pleno aretoan. Ostegunak jai bezpera direnetan hileko azken asteazkenean egingo lirateke, eta jaiegunak direnetan hileko azken asteartean. Abuztuan ez litzateke ohiko osoko bilkurarik egingo.

Hauetaz gain, ez-ohiko osoko bilkurak edota presazkoak deitu ditzake alkateak beharrezko irizten dionean.

Kontsultatu hemen OHIKO OSOKO BILKUREN EGUTEGIA.

Bozketa: EH Bilduko ordezkarien aldeko 6 bozka, EAJ-PNVko  2 ordezkariren abstentzioa.

3. Informazio batzorde iraunkorrak sortzeari buruzko proposamena.

Herriaren tamaina dela eta legeak hala zehazten duenez, informazio batzorde iraunkor bakarra eratu da, Ogasun Batzordea. (Estekan ikus daiteke adostutako osaera). Horretaz gain, gai eta lanketa ezberdinen inguruan udal ordezkari, langile, herritar eta eragileen partaidetza ahalbidetuko duten saio eta lan-arloak antolatuko direla adierazi zuen alkateak.

4. Zaldibiko udala parte den taldeko organotarako Zaldibiko udaleko ordezkariak izendatzea eta EAJ-PNVren proposamena Zaldibiako Udaleko organoetan Zaldibiako Udalaren ordezkariak izendatzeko.

Bi puntuak batera landu ziren eta bukaeran banaka bozkatu. Izan ere, udal gobernuan den EH Bilduk Zaldibiako udala parte den organoetarako ordezkaritza proposamena egin zuen eta EAJ-PNVk beste proposamen bat. Bertan, EAJ-PNVko ordezkariek Sasieta Mankomunitatean eta Enirio-Aralar Mankomunitatean ordezko ordezkari izatea eskatzen zuten. Honen aurrean alkateak adierazi zuen bi eremu horietan iritzi ezberdinak izango dituztela aurreikusiz, ez zutela ordezkagarritasuna ziurtatzen eta ez zutela proposamena babestuko.

Beraz, udal gobernuaren proposamena da onartua izan zena, EH Bilduko ordezkarien aldeko 6 bozkekin eta EAJ-PNVko bi ordezkariren abstentzioarekin. EAJ-PNVren proposamena ez zen onartua izan, EH Bilduko ordezkariek kontra bozkatu baitzuten.

Hemen kontsultatu ditzakezue, Mankomunitate eta bestelako organoetako ordezkaritzak.

6. Alkate-lehendakariak hartutako erabakien berri ematea.

Jarraian alkateak, antolaketarako hartutako erabakien berri eman zuen, ohi denez. Alkateordeak izendatu ditu, batetik. Eztitxu Mujika Mariezkurrena izango da lehen alkateordea, Maider Castellano Etxeberria bigarrena eta hirugarrena Xabier Iraeta Mendizabal.

Horretaz gain, zinegotzi hauek, bakoitzak aipatzen diren esparruan ahalmen osoa eta hornidura eta obra kontratu txikiak sinatzeko aginpidea izango dute:

  • Herri bizigarria: Xabier Iraeta Mendizabal
  • Komunitatea eta Zaintza: Maider Castellano Etxeberria eta Katrin Lizarralde Nazabal
  • Herrigintzaren Kultura: Eztitxu Mujika Mariezkurrena eta Maialen Mendizabal Luloaga

7. Alkate eta zinegotzien kalte-ordainen erregimena.

Ioritz Berra Juaristi jaunari dedikazio osoa aitortzea proposatu zuen udal gobernuak, bere lanean izan duen soldata berdina jasoaz, 2.119,50€ko soldata garbia hilean, 2023ko uztailaren 1etik aurrera.

Udal taldeei dagokionez, eratutako udal-talde bakoitzeko hilean 100€-ko ekarpen finkoa proposatu zen aurreko legealdian bezala eta liberatuta ez dagoen zinegotzi bakoitzeko 50€ gehiagoko ekarpena.

Udalbatzako 6 kidek EH Bilduren udal taldea osatzeko agiria aurkeztu dute, taldeari hileko 350€ko asignazioa egingo zaiolarik. Udalbatzako beste kideek osoko bilkuraren datarako ez zuten agiria aurkeztu.

Bozketa: puntua onartu egin zen, EH Bilduko ordezkarien aldeko 6 bozkarekin, EAJ-PNVko ordezkarien 2 abstentziorekin.

 

EZ-OHIKO BILKURA II

AZTERGAIAK:

1. Hauteskundeetarako mahaikideen zozketa.

Uztailaren 23an izango diren Espainiar Parlamentu eta senaturako hauteskundeetarako mahaikideen zozketa egin zen. Datozen egunetan jasoko dituzte mahaikide egokitutako herritarrek dagozkien jakinarazpenak.

2. Zaldibiko frontoia margotzeko aurrekontuetan egindako aldaketen berri ematea.

Idazkariak informatu zuen Resti Pilotalekua margotzeko 2023ko aurrekontuetan inbertsioen partidan zehaztutako 20.000 euroei, beste 1.576€ gehitu zaizkiela  eskola eremuko mantenu lanen partidatik lanen esleipena egin ahal izateko. Jakinarazi zenez, lanak uztaila amaieratik eta irailaren 1a artean burutuko dira. EAJ-PNVko ordezkariak eskatu zuen lanen kostua eta egindako lana zaintzearen beharra azaldu beharko litzaiekela herritarrei.

3. 2022ko kontu-orokorra behin-betiko onartzea.

Azken puntuan, 2022ko kontu orokorra, jendaurrean egon eta alegaziorik egon ez denez, behin-betiko onartzea proposatu zen.

Bozketa: puntua onartu egin zen, EH Bilduko ordezkarien aldeko 6 bozkarekin, EAJ-PNVko ordezkarien 2 abstentziorekin.