Musika Eskolarako matrikulazio epea zabalik

Zabalik da 2025/2026 ikasturtean Musika Eskolan izena emateko matrikulazio-epea. Haur, gazte nahiz heldu, musikara gerturatu nahi duten herritarrentzat Zaldibian bertan eskainiko ditu bere ikastaroak Ordiziako Musika Eskolak. Jarraian informazio osoa. 

 

2025/2026 IKASTURTERAKO MATRIKULAZIOA 

2025-2026 ikasturterako matrikulatzeko epea maiatzaren 12tik 16ra bitartean izango da irekita. Ordiziako Musika Eskolako arduradunak maiatzaren 14an Zaldibiako Kimuene kulturgunean izango dira izen ematea bertatik bertara egin ahal izateko, eta gainontzeko egunetan Ordiziako Musika Eskolara bertaratu beharko da izena ematera. Aurten, egun erabiltzaile izan direnek eta berriek, guztiek bete beharko dute matrikulazio orria.

EPEA: Maiatzaren 12tik 16ra (biak barne) irekiko da ikasturte berrian matrikulatzeko epea.

LEKUA: Zaldibian maiatzaren 14an, asteazkena, 16:00etatik 19:00etara, Kimuene kulturgunean. Gainontzeko egunetan Ordiziako Musika Eskolan bertan. 

OHARRA: Egungo erabiltzaileek eta berriek, guztiek bete behar dute matrikulazio orria. 

INFORMAZIO GEHIAGO: aukeran diren ikastaro, tarifa eta bestelakoei buruz informatzeko, irakurri jarraian ageri den pdf aurkezpena edo jo Karreane Kultur Etxera

 

MUSIKA ESKOLAREN ESKAINTZA:

Aukera ezberdinak eskaintzen ditu zerbitzuak adin eta gustuen arabera:

  • HH 4-5 urtekoentzako musika tailerra
  • LH 1 eta 2. mailakoentzako (6-7 urte) musika kontaktua eta hastapena
  • LH 3. mailatik aurrera eta 16 urtera arte hizkuntza musikaleko ikasketak + instrumentuen ikasketa, kantuko saioa egiteko aukerarekin. 
  • Orokorrean haurrentzat kantu taldean sartzeko aukera
  • 16 urtetik gorakoentzat (gazte, heldu, nahiz jubilatu) instrumentua ikasteko aukera. Astean 30 minutuko saioa, hizkuntza musikala egin beharrik gabe. 

Informazio zehatza beheko dokumentuan eta Karreane Kultur Etxean. 

 

ZALDIBIAKO UDALA - ORDIZIAKO MUSIKA ESKOLA HITZARMENA:

Zaldibiako Udalak hainbat hausnarketa egin ditu Musika Eskola zerbitzuaren eta bere ereduaren eta finantzaketaren inguruan azken urteetan.

Izaera herrikoia, euskalduna, berdinzalea eta anitza duen Musika Eskola zerbitzua dugu helburu, udalarentzat eta herritarrentzat ekonomikoki jasangarria izango dena eta bere zerbitzuak kalitatezko baldintzetan emango dituena.

Gure herriaren tamaina eta gaitasunak zerbitzua hirugarrenen esku izatera behartzen gaitu. Hala izan da 1995ean Musika Eskola ofizial gisa zerbitzua herrian ematen hasi zenetik. Ordiziako Musika Eskola izan da urte guzti hauetan zerbitzua emateko ardura izan duena, hitzarmen eta esleipen ezberdinen bidez.

Zaldibiako Udalak 2025/2026 urterako bide berri bat irekitzeko lanketa abiatu zuen hainbat hausnarketa eta arrazoi tarteko. Lehen aldiz ikusi zen bide berri bat irekitzeko aukera bazegoela, baina egungo erabiltzaileekin eta erabiltzaile berri izan daitezkeen herritarrekin behar besteko lanketa egin ez dela baloratuta, geratu egin zen aldaketa erabakia.

Ondoren, Ordiziako Musika Eskolarekin elkarrizketa bidea hasi eta hitzarmen bat adostu zen, maiatzaren 7ko bilera deialdi irekian azaldu zena. 

Hitzarmenaren puntu nagusiak:

  • Banakako saioak eta taldekoak (gutxienez 3 kide) Zaldibian ematea (egon liteke salbuespenen bat, ikasle kopurua edo instrumentu mota medio).
  • Kudeaketa orokorra: Ordiziako Musika Eskolak (OME) egingo du. Altak, bajak, kobrantzak, zerbitzuaren gora-beherak eta kudeaketa...
  • Finantzaketa: Zaldibiako Udalak 30.000€ko diru-laguntza emango dio OMEri Kopuru hau gehienez %20 igoko da (36.000€ra arte), ikasle eta diziplina kopuruak igoera hau justifikatzen badute.
  • Inbertsioak: Udalak 2.000€ko balioa duten inbertsioak egingo ditu OMErekin adostuta eta 1.000€ko poltsa izango du ekintza gastuetarako. Kimuene Kulturguneko espazioak lagako dizkio Zaldibiako Udalak OMEri zerbitzuak bertan eman ditzan. 
  • OMEk dagozkion aurreikuspen eta balantze txostenak aurkeztuko ditu.
  • OMEk Zaldibiako Musika Eskolako zerbitzuaren koordinatzaile rola emangodio bere langile bati, hilean bataz beste 4 orduko dedikazioarekin.
  • Hitzarmen hau 2025-2026 ikasturtean egongo da indarrean, eta urtero berritu ahal izango da, gehienez ere beste bi urtez.
  • Matrikula-tarifak eta hileko ordainketak OMEk ezarriko ditu. Oraingo ikasturteko prezioari eutsiko diote, eta ikasturte horretarako aurreikusitako KPIa igoko da gehienez.
  • OMEk kontratatutako langileen lan-baldintzak unean-unean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren araberakoak izango dira.
  • Jarduera guztietan genero berdintasuna eta euskararen erabilera bermatuko dira. Era berean, aniztasuna eta kontsumo arduratsua sustatuko dira.

 

Udaletik uste dugu hitzarmen hau norabide egokian kokatzen dela herrirako nahi dugun Musika Eskola zerbitzua lortzeko bidean, baina oraindik lan asko dago egiteko...

  • ... Musika Eskola herrira irekitzen
  • ... herriko musika beharrei erantzuten eta aukera berriak irekitzen
  • ... erabiltzaileentzat eta udalarentzat zerbitzua ekonomikoki bideragarriago egiten
  • ... herritar erabiltzaileen eta musika tresnen aniztasuna sustatzen

Denon arteko elkarlana ezinbestekoa izango da.