Mugikortasun planaren aurkezpena

Otsailaren 20an, asteartean, Zaldibiako mugikortasun plana aurkeztuko da 18:30ean udaletxeko batzar aretoan. Jorratuko diren gaiak: plazaren eraldaketa, herri barruko trafikoa eta Zaldibia-Ordizia bidegorria. Zatoz!

 

2023ko erronketako bat izan zen Mugikortasun Plana landu eta idaztea, eta lehen pauso bat eman zen RAZ, Tresna digitalak eta hiri berrikuntza kooperatiba txikiari lan hori egikaritzeko ardura emanez. Mugikortasunari lotutako oinarrizko gaiak aztertzeaz gain, bereziki landuaz Santa Fe kalea eta Zaldibia-Ordizia bide-gorria.  

Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak hiri-mugikortasuneko plan bat izatera behartzen ditu 5000 biztanletik gorako herriak. Zaldibiak biztanle gutxiago dituen arren, herriko mugikortasuna lantzeko erronka hartu zuen Udalak 2023rako eta plana landu eta idatzi da. Mugikortasunarekin lotutako ekintzak aurrera eramateko diru-laguntza deialdi askotan derrigorrezko baldintza da ekintza horiek aurrez plan batean zehaztua egotea, finantziazioa jaso ahal izateko. 

Planaren baitan diagnosi bat egin da ondorengo atalekin:

  • Zaldibiako mugikortasun patroiak, INE-ren (Espainiako Instituto Nacional de Estadística) mugikortasunari buruzko estatistika esperimentalaren datu-basean oinarritua.
  • Mugikortasun ez-motorizatuari dagokionez, ibilbide estrategikoak eta pertzepzioa. Zehazkiago, plaza eraberritzeko proiektuaren ondorioak eta Zaldibia-Ordizia bidegorria eraiki ez izana azaltzen duten gakoak aztertuko dira.
  • Garraio publikoari dagokionez, erabilerari buruzko datuak eta pertzepzioa.
  • Ibilgailu pribatu motorizatuari dagokionez, motorizazioaren eboluzioa (gidari eta kotxe kopurua, errepideen intentsitatea) eta aparkalekuen balantzea.
  • Ondorioak eta aukera ezberdinen bideragarritasuna.

Honetaz guztiaz, lasai aritzeko tartea izango da datorren astean, hilak 20, arratsaldeko 18:30ean udaletxeko batzar aretoan, Zaldibiako mugikortasun planaren aurkezpenean.

Gai nagusiak honakoak izango dira: 

  • Plazaren eraldaketa
  • Herri barruko trafikoa
  • Zaldibia-Ordizia bidegorria

Herritarrak bertaratzeko deia egiten du Udalak. Aurkezpena euskaraz izango da, eta euskara ez dakitenentzat aldibereko itzulpena eskainiko da. Zatoz!