Zaldibiako Udalak “Harrera eguna” antolatu du ostegunerako. Berdintasuna, Hezkuntza, Gazteria eta Aniztasun lan-arloaren eta Etxekonekok elkartearen sustapenarekin, 2019ko irailetik 2020ko irailera bitartean Zaldibian erroldatu diren herritarrei ongi etorria egingo zaie urtero egin asmo den ekimen berri honetan.
Zaldibiako udalak, Berdintasuna, hezkuntza, gazteria eta aniztasunaren lan-arloaren eta Etxekonekok elkartearen sustapenarekin, irailaren 17an, arratsaldeko 18:00tan lehenengo “Harrera eguna” antolatu du. Hurrengo urteetan tradizio bilakatzea espero den ekitaldi honetan parte hartzeko 2019ko irailetik 2020ko irailera bitartean Zaldibian erroldatu diren herritarrei gonbita luzatu zaie; helburua ongi etorria eskaintzea da, eta bide batez, elkar ezagutu eta batera herria osatzeko gonbita egitea etorri berriei.
Ekitaldi honetako parte hartzaile guztiak udaletxe azpiko arkupean bilduko dira eta herrian zehar txango bat egingo dute, leku esanguratsuenetan geldialdiak eginez. Hala, udal zerbitzuen berri jaso eta herriko eremu, erronka eta balioak nabarmenduko dituen ibilbidea egingo dute elkarrekin udal ordezkariek, hainbat eragiletako ordezkariek eta nola ez, ekimenerako gonbiteari erantzun dietenek. Euskaraz egingo da ibilbidea, gure herriaren balio bat izaki, baina uneko itzulpenak egiteko hainbat herritarren laguntza ere izango da.
Lehen edizio hau ez da nahi bezala ospatuko ordea, Covid-19aren hedapena medio. Horregatik, aire zabalean egingo da ibilbide osoa, talde txikitan, distantzia eta maskararekin. Ekimena urtero errepikatzeko asmoa dagoenez, ea datorren urtekoa normaltasunez eta era irekiago batean egiteko moduan garen.