Kanpaingo Errota martxan Udalaren eta jabeen arteko hitzarmenari eta auzolanari esker

Hainbat urtetan geldirik egon ondoren, irina egiteko gai dira berriro Kanpain errotako harriak. Jabeek hitzarmena adostu dute Udalarekin eta proiektu bat abiatu da horren baitan, Zaldibiako uraren indarra eta erroten historia berreskuratzeko helburuz. Auzolanari esker errotak martxan jartzeko urratsa eginda, 2022ko maiatzean ospatuko den Gipuzkoako Errota Eguna izango da hurrengo erronka. Jarraian informazio gehiago. 

Duela urtebete inguru, Espainiar Estatuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak hainbat baldintza ezarri zizkien Kanpaingo errotaren titularrei beraien ur-aprobetxamendua mantendu nahi bazuten derrigor bete beharrekoak. Hau ikusirik, laguntza eske Udalera jo zuten jabeek. 

Udalak baloratu zuen kanalaren eta beltxargaren irudia Zaldibiako nortasunaren eta idiosinkrasiaren parte dela, eta garrantzizkoa jo zuen baita ere ur-aprobetxamenduak eskola-aurrean sortzen duen egoera. Gainera, gutxienez XII. mendeko errota bat izanik, Hiri Antolakuntza Plan Orokorraren baitan Kanpaingo Errota gorde beharreko eraikin multzoaren fitxan jasota dago, eta udal-babes zorrotzerako lan gisa hartua da.

Hala, lanketa baten ondorioz, Zaldibiako Udalak hitzarmena sinatu du Kanpaingo Errotako titularrekin, Espainiar Estatuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak egindako eskakizunak betetzen laguntzeko eta Kanpaingo Errota herri ondare gisa ulertzen denez, herritarrek berau ezagutu eta ikusi ahal izateko modua izan dezaten.

Hitzarmen honen baitan, Zaldibiako Udalak Kanpaingo Errota mantendu eta herri ondare gisa bere zabalkuntza bultzatzeko helburuz hainbat konpromiso hartu ditu:

  1. Aprobetxamenduaren emakida mantentzeko beharrezkoa den neurketa-sistema instalatzea, datuak hartzea eta arroko erakundeari helaraztea. Udalak bere ardurapean hartuko du neurketa-sistema instalatu eta datuak helarazteko lana. Ur konfederazioaren baimena iritsi berri da eta datozen hilabeetan ekingo zaio lan honi.
  2. Errota martxan jartzeko beharrezko konponketa txikiak egitea. Horretarako, Mikel Cobos Irizar aramar errotariarekin (Ibaresko Errota) aztertu zen egin beharreko konponketa lana eta berarekin batera lan hauek eskatzen duten abilezia, pazientzia eta jakintzaren jabe diren herritarrekin auzolanerako taldetxo bat osatu zen. 2021eko urria eta azaroko larunbat goizetan elkartu ziren lanerako eta 4 egunen buruan hondatuta zeuden zatiak berriez ordezkatu eta hainbat mantenu lan egin ondoren, bi irin-errotak martxan jartzea lortu zuten. Bi adituen lan-orduek eta ordezkatu diren material piezek, guztira 1.900€-ko kostua izan dute, auzolanean aritu direnen lan bolondresaz gain.

Ezkerretik eskuinera auzolan taldeko kide batzuk: Felix Flores, Ibon Etxabe, Mikel Cobos, Asier Luque, Ramon Cobos eta Xabat Aranguren

Dokumentu grafiko ugari bildu da konponketa eta martxan jartze prozesua jasoz. Hemen irudi batzuk:

   

     3. Ondarea jaso eta dibulgazioko euskarriak sortu eta urtean pare bat aldiz herritarrei errota ikusteko aukera izan dezaten aukera ematea, horretarako dagokion antolakuntza lana eginez. Hauxe da datozen asteetan martxan jarri asmo den lanketa, ondarearen dibulgaziorako euskarriak sortu nahi ditugu, gutxienez bideo-dokumental formatuan. Bertan honako gaiak bildu nahi dira:

  • Erroten funtzionamendua
  • Kanpaingo Errotaren historia
  • Zaldibiako Erroten historia eta kontakizunak
  • Errotaren konponketa lan-prozesua eta proiektu honen azalpena

Honela, jasota utzi nahi da gure herriaren ondareetako bat eta dibulgaziorako nahiz ikas-baliabide modura erabili ere bai.

Lan honetarako ere gaitasun eta gogoa duen herritar taldetxoa osatu nahi genuke, informazioa bildu, antolatu, grabatu eta editatzeko, alegia. Deialdi irekia egiten dugu interesa eta gogoa duen herritarren bat bada Udalera edo Kultur Etxera jotzeko, edo jarraian dagoen taulan izena emateko.  

Horretaz gain, Foru Aldundiko Ondare Sailari ere laguntza eskatu zaio lanketa honetarako eta erantzunaren zain dago Udala. 

Lanketa honek emango duen fruitua eta errotak martxan ikusteko aukerari dagokionez, bat egingo dugu 2022ko maiatzean egin asmo den Gipuzkoako Erroten Egunarekin eta ate irekiak burutuko dira egun horretan, eguna hurbildu ahala deialdia zabalduko delarik. 

Ondarea jaso eta dibulgazioko euskarriak sortzeko taldea

Gaitasun eta gogoa duen herritar taldetxoa osatu nahi genuke, erroten inguruko informazioa bildu, antolatu, grabatu eta editatzeko. Interesa baduzu bete ondorengo datuak eta jarriko gara zurekin harremanetan.