Ostiral arratsaldean, hilak 13, egingo da bilketa,16:30etik 17:30era bitartean, plazan. Materialek egoera onean egon behar dute eta sailkapena egin ondoren, Liburutegira, Jolas Gelara edota Gaztelekura bideratuko dira bildutakoak.
Abenduko egunetan ohikoa izaten da hainbat etxetan txukunketa lanak egitea, erabilerarik gabe geratu zaizkigunak jasoz eta etor litezkeen berriei lekua eginez. Horien artean aurki daitezke jostailuak, jokoak edota liburuak ere, jaioberrietatik hasi eta 16 urtera artekoentzat gustagarri izan daitezkeenak.
Etxeetan erabiltzen edo behar ez diren liburu zein jostailuei erabilpen berri bat emateko asmoz, material bilketa egingo da ostiralean plazan. Berrerabilpena sustatzea du helburu ekimenak, baita gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea ere. Hala, zaldibitarrek etxean erabilerarik gabe izan ditzaketen jostailuak, mahai-jokoak edota liburuak jasotzeko gunea jarriko da, Gaztelekuko kideen laguntzarekin, 16:30etik 17:30era bitartean. Jasotako materiala zerbitzu publikoetan erabiltzeko izango da, zaldibitar guztiontzat eskuragarri: Haritza jolas gelan, Haur Liburu Txokoan/Udal Liburutegian edota Gaztelekuan.
Hasi ba armairuak miatzen eta parte hartu!!