Irekita dago Udako Jardueretan izena emateko epea

Aurten Zaldibiako Udako Jarduerak uztailaren 1etik 19ra bitartean izango dira. Alde batetik HH2 eta LH6 maila arteko ikasleek parte hartu dezakete, eta bestetik DBH 1, 2 eta 3. mailakoek. Baterako zein besterako izen-ematea zabalik dago apirilaren 26ra arte. Jarraian informazioa.

 

Zaldibiako Udalak Udako Jarduerak antolatu ditu uztaileko lehen hiru astetarako, eta apirilaren 15etik 26ra bitartean zabalik izango da ekimenean izen-emateko epea.

 

2 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako jarduerak:

Udako Jarduera hauek uztailaren 1tik 19ra izango dira, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik 13:00etara.
Matrikula 25 eurokoa izango da. Familia ugarien kasuan, hirugarren seme-alabatik aurrera, hori barne, 15 euro ordainduko dute.
Jardueretan parte hartu nahi dutenek aurrez eskolan banatu zaien izen-emate orriak beteta eraman behar dituzte Kultur Etxera.
Izena emateko azken eguna: apirilak 26, ostirala.

Izena ematen duten haurren familiekin bilera bat egingo da ekainean, eta begiraleen aurkezpena egiteaz gain, programazioaren azalpen orokorra azalduko zaie. 

 

DBH1, DBH2 eta DBH3ko gaztetxoentzako jarduerak:

Uztaileko egun solteetan irteera batzuk egingo dituzte DBH 1, 2 eta 3. mailako ikasleek. Jarduera hauetan parte hartzen dutenek, 25 euroko matrikula ordaindu behar dute izena ematean. Horrez gain, irteera egunetan sor daitezkeen gastuak gazteek ordaindu beharko dituzte. Egun horietako programa gazteekin batera egingo da, eta ondo bidean,  egun batzuk lehenago helaraziko zaizkie programa eta egon daitezkeen gastuak. Aurreko urteetan egin izan den moduan, jardueretan parte hartu behar duten gaztetxoen familiekin ekainean bilera bat antolatuko da, eta begiraleen aurkezpena egiteaz gain, programazioaren  azalpen orokorra emango zaie.
 

Izen-emate orria (jarraian duzue deskargatzeko moduan) beteta eta sinatuta eraman behar da kultur etxera apirilaren 26a, ostirala, baino lehen.