Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko eguna dela eta

Zaldibiako Udalak irmoki gaitzetsi du mota guztietako indarkeria matxista, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Bestalde, Aske taldearekin batera, indarkeria matxisten aurkako elkarretaratzea deitu du plazan arratsaldeko 18:30erako. Jarraian, adierazpen instituzionala irakurgai.

 

2024ko AZAROAREN 25eko Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunari buruzko adierazpena:

Azaroaren 25a indarkeria matxistak desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Zaldibiako udaletik gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxisten adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.

Aurten, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta indartu baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.

Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon  indarkeria matxistarik gabeko gizartearen alde,  – bai esparru legalean, eta politikoan, bai sozialean, gaur egungo joera neomatxista hazten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, "indarkeriak ez duela generorik", "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari dira gazteak.

Gure herrian ere erasoak egon direnetan, eraso horiek irmoki gaitzetsi eta erasotuari babesa eskaini beharrean, mezu neomatxistak erabiliz gutxietsi eta ridikulizatu egin dira. 

Diskurtso horien aurrean, indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.

Hori guztia kontuan hartuta, Zaldibiako Udalean indarkeria matxistak ukatu nahi dituen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Gure herrian indarkeria hauek ukatzen edo dituen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko lan egitea.
  • Gazte eta nerabeei zuzendutako sentsibilizazio- eta prebentzio-neurriak hartzea.
  • Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
  • Beste erakunde publikoekin  sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko. 

Era berean, Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, mugimendu feministak antolatuko ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak.