Ikastaroa 2025eko udako jardueratan begirale izan nahi duten zaldibiarrentzat
Udako Jarduerak urrun daudela badirudi ere, ikasturte hasieratik gaia lantzen ari da Zaldibiako Udala. Uztailean jaso ziren gurasoen eta begiraleen balorazioak kontutan hartu eta hainbat aldaketa egin nahi dira datorren urteari begira. Tartean 20 orduko begirale ikastaroa, urtarrila eta martxoa artean dohainik emango dena. Informazioa, jarraian.
2025ean ekainaren 30etik uztailaren 24ra izango dira Udako Jarduerak, ohiko ordutegian 10:00etatik 13:00etara. Beraz, 2025ean udalekuak ia lau astez luzatuko dira.
Uztailean begiraleekin egin zen balorazio bileran aurreratu bezala, haur eta nerabeekin lan egiteko legedia gero eta zorrotzagoa da eta errealitatea geroz eta konplexuagoa. Beraz, funtsezkoa da jardueretako begiraleak ere prestatuta eta formatuta egotea. Ohituraz Zaldibian herriko gazteak izan dira Udako Jardueretan begirale, eta udalak horrela izaten jarraitzea nahi du. Hori dela eta, urtarriletik martxora bitartean 20 orduko begirale ikastaroa antolatu du Hezten elkartearekin lankidetzan; 30 lagunentzako tokia izango da.
IKASTAROAREN NONDIK NORAKOAK:
- Egutegia: 4 saio izango dira, larunbat goizetan. Urtarrilak 25, otsailak 8, martxoak 15 eta martxoak 29.
- Iraupena: saio bakoitza 5 ordukoa izango da, 9:00etatik 14:00etara, ordu erdiko atsedenarekin.
- Landuko diren gaiak:
- Udaleku irekien kontzeptua eta barne antolaketa. Ordutegiak, harrera, amaiera, balorazioa….
- Arrisku mapa (Gune edo egoera arriskutsuak identifikatzeko lanketa).
- Gune seguruek eduki beharreko ezaugarriak eta begiraleen jarrera.
- Haurrekin egin beharreko esku-hartzea.
- Kultur aniztasuna kudeatzeko estrategiak.
- Euskararen erabilera sustatzeko estrategiak eta baliabideak.
- Aisialdi hezitzaileko baliabideak eta tresnak: programazioaren lanketa, abestiak, jolasak, eskulanak, espazio itxi nahiz irekietarako ekimenak.
- Udalekuetan gertatu daitezkeen kasu erreal batzuen aurrean nola jokatu lanketa.
- Lehen sorospen saio txiki bat. Botikin batean izan beharreko materiala, egoera jakin batzuetan jarraitu beharreko protokoloak.
IZEN-EMATEA:
- Non: Karreane kultur etxean edo kulturetxea@zaldibia.eus helbide elektronikora idatzita.
- Noiz arte: izen-emateko azken eguna urtarrilaren 10a izango da.
- Zenbatekoa: Dohainik da
- Baldintzak: Zaldibian erroldatua izatea eta adinez, 2025ean zehar gutxienez 18 urte izatea. 2025ean zehar 17 urte egingo dituztenek ere badute ikastaroan izena emateko aukera. Kasu honetan, ez dute lehentasuna izango eta soilik plaza libreak geratuz gero izango dute ikastaroa jasotzeko aukera. Ikastaroa jasota ere, 17 urtekoak ezin izango dira 2025eko udako jardueretako begirale izan, baina 2026ko deialdirako balioko lieke ikastaroak.
- Oharra: ikastaro hau egiteak ez dakar berekin Begirale Titulazio homologaturik, ez bestelakorik. Zaldibiako udako jardueretarako da soilik baliagarri.
2025eko UDAKO JARDUERETAN BEGIRALE IZATEKO DEIALDIA:
Begirale gisa lan egiteko deialdia apirilaren 1etik 11 bitartean izango da. Hartarako, ezinbestekoa izango da gutxienez ikastaro hau egitea. Begirale Titulua dutenek hori aurkeztearekin nahikoa izango dute, ikastaroa egin beharrik gabe. Izen emate epea amaitzean, baldintzak betetzen dituztenen artean ohiko irizpideen arabera Curriculumak baloratuko dira (bizilekua, esperientzia, ikasketa...) eta hautaketa proba egingo da, Hezten Elkartearen eskutik. Deialdian bertan zehaztuko dira prozesuari buruzko xehetasunak eta baita jardueretako begirale izango direnen lanaldi eta ordainsairiei dagozkion