Abenduaren 27arekin ospatu zen abenduko ez-ohiko osoko bilkura. Landutako gaien artean zeuden langileen ordainsari-igoera, 2023ko aurrekontuak, herri bideen inbentarioaren hasierako onarpena eta 2023 egutegi fiskala eta udal egutegia. Informazio osoa jarraian.
Iluntzeko 19:00etan hasi zen osoko bilkura eta honakoak izan ziren udalbatzak hartutako erabakiak:
AZTERGAIAK:
2022ko azaroaren 21ean egindako bileraren aktaren irakurketa eta bere kasuan, onespena
Akta ez zen onartu, osatzeko zegoelako eta hurrengorako utzi zen puntu hau.
2022 urteko langileen soldata igoera proposamena onartzea
Aho batez onartu zen puntu hau, EH Bilduko 5 zinegotziren eta EAJ-PNVko 3 zinegotzien aldeko bozkarekin. Hala, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, %1,5eko ordainsari-igoera gehigarria baimendu zen.
2023ko aurrekontu proposamena onartzea
Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak 2023ko aurrekontua lantzeko prozedura azaldu zuen eta ondoren udal gobernuaren aurrekontu proposamenaren ezaugarri nagusiak aipatu zituen, abenduaren 19ko udal herri batzarrean ere azaldu zirenak.
2.114.838,65€ko aurrekontua da eta gastuen kapituluak azaldu zituen bereziki alkateak. Oposizioko taldeari hitza eman baino lehen, nabarmendu nahi izan zuen 2022ko aurrekontuen egikaritze maila oso altua izan dela eta urte hasieran zehaztutako proiektu guztiei eta sortu diren behar berriei aurre egiteko gai izan direla. Gainera, aipatu zuen, ia 300.000€ lortu direla batean eta bestean lortutako diru-laguntzetan.
“Herriari eta herrian babes zabala duten eta gorpuzten ari diren proiektuei lotutako aurrekontuak” direla azalduz, oposizioak proposamenari emandako erantzuna “arduragabea” zela adierazi zuen alkateak.
EAJ-PNVko bozeramaileak beraien iritzia agertu zuten adieraziz “barregarria” iruditzen zaiela ekarpenak egitera gonbidatzea eta beharrezko ikusten dutela “dirua nora eta nola joaten den ikustea”. Amaitzeko esan zuen ez dutela ekarpenik egingo eta kontrako bozka emango zutela.
Bozketara igaro aurretik eta oposizioari erantzunez, alkateak adierazi zuen “diru-kontuei buruzko informazio guztia eskura” dutela eta “zein da ekarpen zehatza?” galdetu zien. Amaitu zuen errepikatuz “lanketa hori ez baduzue egin nahi zilegi da, baina hondamendia bezalako terminoak” erabiltzea “ez da ez zuzena eta ez arduratsua”.
Hala, EH Bilduko zinegotzien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVkoen aurkakoarekin onartu ziren 2023ko aurrekontuak.
Herri bideen inbentarioa behin behineko onartzea.
Bilkurako laugarren puntuan azken hilabeteetan Ingurumen, Lehen Sektore eta Landa Garapen arloan lantzen ari den Herri-bideen inbentarioa izan zen hizpide. Xabier Irastorza Jauregi zinegotziak azaldu zuen orain arteko bidea eta hemendik aurrera etorriko dena: “gaur behin-behineko onarpena emanda, urtarrilean erakusketa epea irekiko dugu herritarrei behar bezala komunikatuta eta pare bat hilabetez egongo dira dokumentuak ikusgai udaletxean eta web orrian kontsulta, alegazio eta ekarpenerako. Ondoren, hauek erantzun eta ekarriko da berriz dokumentu osatua behin-betiko onarpenerako”.
Aipatu zuen “bai herriarentzat, bai udaleko teknikarientzat tresna garrantzitsua izango dela, bideen inguruko lanketa eta planifikazioetarako, eta batzuetan izaten diren tira-birak bideratzeko”.
Bozketa eginda, EH Bilduko zinegotzien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVkoen abstentzioarekin onartu zen behin-behinean inbentarioa.
2023ko egutegian egun baliodunak eta egutegi fiskala onartzea
Plenoa amaitzeko 2023ko egutegi fiskala eta egun baliodunen egutegia izan ziren hizpide. Diru-bilketaren alorretik pandemia aurreko epealdietara egokitzeko proposamena ekarri zen 2023rako. Bestetik, udaleko lan-egutegia zehaztu ondoren, egun baliodunak eta baliogabeak zein izango diren onartu zen.
Aho batez onartu zen puntu hau eta dagokion jendaurreko epea igaro ondoren, udal tabloian eta web orrian bistaratuko dira bi egutegiak herritarren informaziorako.