Energia komunitatea sortzera goaz!

Asteazken honetan, hilak 23, Energia komunitatea sortzeko bilera garrantzitsua izango dugu. 18:30erako da deialdia, udaletxeko batzar aretoan. Gaian interesa duten herritar guztiei dago irekita.

 

Iritsi da erabakiak hartzeko garaia. Non kokatuko dugu proiektua? Elkartea edo kooperatiba? Zenbateko inbertsioa egingo dugu? Nola zabalduko dugu mezua herritarrengana?

Etorkizun hurbilean munduan izango diren erronka nagusietako bi ura eta energia eskuragarri izatea izango dira. Ur horniduraren inguruko burujabetza zaldibiarrok harrotasunez daramagun kontua da eta bada garaia energiaren gaiari heltzeko. Energiaren burujabetza lantzeko helburuarekin herritarron sarea osatu eta, auzolana oinarri, urratsak ematen hastea dagokigu.

Gure komunitatean herritarrak, langileak eta komertzianteak barneratzea dugu helburu: denon artean GURE ENERGIA sor dezagun.

Herrian sortu eta herrian kontsumitzea... posible delako!

  • Zaldibian KM0 energia jasangarria eta %100 berriztagarria sortzen lagunduko duzu. Gure ura, mendiak eta ondasunak kudeatzen ditugun bezala, energia ere kudeatuko dugu. 
  • Berotegi efektua eragiten duten CO2 isurpenak murrizten lagunduko duzu, herritarron bizi kalitatea hobetuz. 
  • Aholkularitza energetikoa jasoko duzu: kontsumoa nola gutxitu, fakturak ulertu...
  • Burujabetzara begira jarriz, ahaldunduko zara, zure etorkizuna ez dadin beste batzuen erabakien menpe egon.
  • Energia arazoa baino, aukera bihurtu nahi dugu.

Komunitateko parte izanda, herriko gizarte-kohesioa indartzen lagunduko duzu, herritarren sarea eta auzolana indartuz. Animatu!