Gaur, Udala Zaldibiako Gazte Asanbladako ordezkariekin bildu da bigarrenez. Aste honetan indarrean sartu den aginduak bete betean eragin die gazteen erabilerako guneei, tartean gaztetxeari.
Pasa den astean Ordiziako fokoaren harira bildu ginen gaia aztertzeko eta neurriak eguneratzeko. Bi astetara biltzekoak baginen ere, aste honetako gertaera eta neurri berriek bilkura azkartu dute.
Zaldibiako Udalak, Osasun sailak gazte lokalak eta gazteen erabilerako guneak ixteko emandako aginduaren berri eman die ZGAko ordezkariei.
ZGAk jakinarazi du atzodanik (uztailaren 16) Zaldibiako Gaztetxea itxita dagoela. Zaldibiako Gazte Asanbladak bizi dugun egoeraren aurrean, Gaztetxea itxita mantentzea erabaki duela.
Udalak hartutako erabakia eskertu die eta Gazte Asanbladaren jarduna bideratu ahal izateko eta bilerak burutu ahal izateko herriak zeregin horretara bideraturiko beste azpiegiturak erabiltzea eskaini dio, harik eta legez Gaztetxea berriro irekitzeko aukera izan arte.
Gazte Asanbladaren ordezkariek, pankartak egin behar dituzten kasuan soilik sartzea eskatu dute eta egingo dituzten bi lagunek behar adinako segurtasun neurriekin jarduteko konpromisoa hartu dute. Hala onartu du Udalak.
Zaldibiako Udalak eta Zaldibiako Gazte Asanbladak bat egin dute Osasun Sailaren agindua indarrean dagoen artean Zaldibiako Gaztetxea itxita mantentzeko erabakian. Hori horrela izan dadin behar diren neurriak hartuko dituela jakinarazi du Zaldibiako Gazte Asanbladak.
Zaldibian, 2020ko uztailaren 17an.