Olakosaroitik Ausa-Gaztelu lepoko txaboletara dagoen bidean, konponketa lanak egingo dira datozen egunetan. Denborak eta urak bidean sortu dituzten zuloak bete eta urak hartzeko erretenak egingo dira hainbat puntutan. Lanek 2-3 aste irautea aurreikusten da bihartik hasita.
Bidea konpontzeko beharraren jakitun, iaz landu zen gaia Ingurumen, Lehen Sektore eta Landa Garapen lan-arloan, eta aurtengo urterako helburuetako bat izango zela erabaki zen. Lanak zehaztu eta aurrekontuak mahai gainean, Foru Aldundiko Larre eta Baso Sailek ere parte hartuko dute konponketan.
Hala, Zaldibiarako Goilarre programak aurreikusita duen aurtengo diru partida osoa ekintza honetara bideratuko da, Zaldibiako Udalaren 4.273,82€ eta Larre Sailaren 12.060,00€. Baso Sailak 5.444,61€ jarriko ditu. Guztira 21.778,43€ (BEZ barne) izango da lanen kostua.
Lan hauetan, aipatu bezala, honako ekintzak egitea aurreikusi da: gaur egun bideak dituen zuloak betez bidea berdintzea, eta ur-emari handieneko lekuetan erretenak egitea bidearen alde batean etorkizunean bidearen mantenu ona bermatu nahian.
Lanek 2-3 asteko iraupena izatea aurreikusi da, apirilaren 30ean hasita. Lanek iraun bitartean ahalik eta oztopo gutxien sortzea eskatzen zaie, bai oinezko zein bidearen erabiltzaileei.