Ateak ireki 2026

Bueltan da “Ateak Ireki”, Euskal Diasporarekin harremanak indartu eta Goierriko familientzat Estatu Batuetako euskal gazte bat etxean hartzeko aukera. Aurtengoan ekainaren 27tik uztailaren 19ra, hiru asteko egonaldia eta kultura trukea egitera etorriko dira diasporako euskaldunak. Izen-ematea zabalik dago. Informazio guztia, jarraian.

 

Zer da Ateak ireki?

Ipar Ameriketako euskal komunitateko gazteei Euskal Herrira etorri eta euskal kulturan murgiltzeko aukera ematen dien ekimen bat da Ateak Ireki. 2026ko ekimen honetan, laugarren urtez jarraian ekarriko ditugu 18 eta 25 urte bitarteko gazteak Goierrira.

Ekimenak euskal diasporako eta Euskal Herriko familia eta gazteak saretzen ditu hiru asteko egonaldi batean. Goierri eta inguruko harrera familiek gaztea etxean hartu eta gure kulturara hurbiltzen laguntzen die. Astean zehar, proiektuak, euskara eskolak, irteerak eta hainbat ekintza eskaintzen zaizkie bai partaideei bai etxeetako gazteei.

2026an ekainaren 27tik uztailaren19ra izango da hurrengoa.

Ateak Ireki Batzen Fundazioak antolatzen du; Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Goieki (Goierriko garapen agentzia) dira babesleak. 2024az geroztik, NABO (North American Basque Organizations) federazioaren programa ofiziala ere bada.

Nola funtzionatzen du?

  • Familia-harrera eredua: Goierri eta inguruko familiek gazte bat hartzen dute etxean; antolakuntzak aste barruko jarduerak eta logistika kudeatzen ditu. Asteburuetan, familiak dira protagonista, eta bakoitzak nahi duen moduan antolatuko ditu egun horiek.
  • Euskara eta kultura: Astegunean Maizpide euskara babrnetegian euskara eskolak eskaintzen dira; horrekin batera, hainbat dira egiten diren irteerak bai Bizkaiara, Iparraldera, Nafarroara… Eta hori gutxi izango ez balitz bezala, Goierriko herri desberdinetan bertsolaritza tailerra, sukaldaritza, eskupilota eta beste hainbat ekintza antolatzen dira. (Aurreko urteetako programak webgunean daude).

Izen-ematea eta parte-hartzea

zen-ematea urriaren 27an ireki da eta azaroaren 30ean itxiko da Ipar Amerikako parte-hartzaileentzat. Hautagaiek 18–25 urte izan behar dituzte eta euskal kulturan murgiltzeko gogoa erakutsi. Onarpena baieztatutakoan, NABOko kide egitea eskatuko da.

Deialdia familientzat

Goierri eta inguruko edozein familiak eman dezake izena: seme-alabadun familiak, bikoteak zein pertsona bakarrak. Garrantzitsuena da giro segurua, adeitsua eta euskara praktikatzeko aukerak eskaintzea. Online formulario erraz baten bidez egiten da izen-ematea, eta antolakuntzak elkarrizketa laburra koordinatzen du.

Datorren hilabeteetan Goierriko hainbat herritan hitzaldiak koordinatuko dira infomazio gehiago zabaltzeko asmotan.

Estatu Batuetara joateko aukera:

Ateak Irekin parte hartzen duten familietako gazteek aukera izango dute Estatu Batuetan antolatzen den UDALEKU euskal usa-ikastaroan monitore moduan parte hartzeko. 2026ko UDALEKU programara, Ateak Ireki 2023. 2024 eta 2025ean parte hartu duten gazteei eskaintzen zaie. Interesatuek gure weborrian eman behar dute izena.