Udal batzordeetan eta Herri Batzarrean landu eta azaldu ondoren, asteleheneko Osoko Bilkurak argi berdea eman die aurtengo aurrekontuei. Jarraian informazio osoa.
"Ertzak erdigunera ekartzea", horixe izango da aurtengo aurrekontuen xede nagusietako bat Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak urtarrilaren 28ko Herri Batzarrean eta ondoren asteleheneko plenoan azaldu zuenez.
Gobernu taldea osatzen duten EH Bilduko zinegotzien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVko ordezkarien abstentzioarekin, laster izango dira indarrean 2022ko udal aurrekontuak. Guztira, 2.042.687,81 euro izango dira, 2021eko gerakina gehituz eta diru-laguntzak eskuratuz handitzea ere espero dena.
"Zaldibia herri bizia izateko lagungarri izatea, erronka ekologikoari eta landa garapen proiektuei bide ematea, gertuko eta kalitatezko zerbitzuei eustea eta hobetzea zuzeneko kontratazioa ardatz izanik, herritarrak, eragileak eta udala elkarlanean arituz", azaldu zuten gobernu ordezkariek.
Gainera, azken bi urteak gogorrak izan dira eta "horrek egindako min eta zauriak leundu eta goxatzea" izango da beste erronketako bat eta zeresan berezia izango du plazak, elkargune eta lanketarako gune izango baita.
Herri Batzarrean, ohi bezala, arloz arloko erronka eta aurrekontu nabarmenenak azaldu zituzten herri ordezkariek. Albistearen amaieran atxikita dago bertan erabili zen aurkezpena. Udal batzorde eta lan arloetan parte hartzeko gonbitea egin zen batzarrean.
Goierriko Hitzak argitaratutako albistea HEMEN