Maiatzaren 1ean egin ohi da mendi publikoko larreen irekiera, bai Igirua herri-mendian, baita Enirio-Aralarren ere. Aurten hainbat ezohiko neurri hartu behar izan dira, hainbat arrazoi tarteko. Informazio gehiago jarraian.
Urtero maiatzaren 1ean Larraitzen ospatu izan den larreen irekiera festa bertan behera utzi behar izan da Covid-19a dela eta. Hala ere, larreak egun horretan irekiko dira. Hain zuzen, irekierarako prestaketa lanetan dabiltza erabiltzaileak eta aurten beste hainbat aldaketa ere izango dituzte.
Batetik, animaliak larreetara garraiatu ahal izateko Osasun-gida atera beharko da, baita jextean edo bestelako mugimenduak egitean ere.
Bestetik, behi-haziendei eragiten dien IBR gaitza dela eta, Foru Aldundiak osasun programa bat jarri du martxan eta mendira igo behar duten behi guztiak txertatu beharko dira.
Udalak erabiltzaile guztiei bidalitako gutunean herri mendiari dagozkion beharrezko datuak emateaz gainera, tramitaziorako zalantzak dituenari laguntza eskaini die.