Zaldibiako Udaleko Berdintasun sailak eta Aske talde feministak elkarlanean hainbat euskarri garatu eta zabaldu dituzte indarkeria jasaten duten emakumeei nola lagundu jarraibideak emanez. Argi dago ez dagoela egoera guztietarako balio dezakeen formularik, hala ere, hona hemen jarraibide batzuk:
Gizarteak dituen balio matxisten baitan bizitzearen ondorio larrienetako bat adin guztietako emakumeek* jasaten dugun indarkeria da, mota eta intentsitate ezberdinetakoa izan daitekeelarik. Askotan ordea, indarkeria hau pairatzen dutenen esku uzten dugu horri aurre egiteko ardura, beste aldera begiratuta edo inpotentziaz zer egin ez dakigula. Horri buelta emateko, Zaldibiako udaleko berdintasun sailak eta Zaldibiako Aske talde feministak, elkarlanean, “ZURE INGURUKO NORBAIT INDARKERIA JASATEN ARI DELA SUMATZEN DUZU? ZER EGIN DEZAKEZU?” jarraibideak egin ditugu.
Kontuan izan, aurrean dituzuenak jarraibideak baino ez direla, aholkuak. Hala ere, egoera bakoitzaren aurrean eta indarkeria jasaten ari denarekin dugun harremanaren arabera moldatu egin beharko dira. Denok lagundu dezakegu egoera horri aurre egiten. Ingurukoren bat indarkeria jasaten ari delako susmoa badugu gure ardura ere bada laguntzea. Informazioa jasotzeko, laguntza eskatzeko edota egoera zehatz baten aurrean nola jokatu jakiteko, herriko gizarte zerbitzuetara (943 88 20 00) eta Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzura (900 84 01 11) jo dezakezu argibideak jasotzeko; eta jakina, larrialdi baten aurrean egotekotan deitu 112ra.
- Laguntza eskaini, behar duenean bertan izango zarela adierazi.
- Enpatiaz jokatzen saiatu, bere ekintzak epaitu gabe.
- Hitz egiteko eta barrenak askatzeko espazio seguru bat eskaini.
- Pazientzia handia izan eta ez etsi; sarea izateak izugarri laguntzen dio.
- Interesa erakutsi bere eguneroko ekintzekiko eta zaletasunekiko, eta animatu horiek albo batera utzi ez ditzan.
- Bere buruarekiko konfiantza sustatzen ahalegindu, baliotsua dela adierazi.
- Ez estutu erabakiak hartzeko, prest dagoenean hartuko ditu.
EZ GAUDE BAKARRIK! EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARI EZ!