'Zerbait sartu zait begian' emanaldia izango da igandean

Imanol Epelde Pagolak hitza, irudia eta musika elektronikoa uztartzen dituen saioa eskainiko du, igande arratsaldean 17:30ean hasita, Zaldibiako Herri Antzokian. Sarrerak salgai daude 3€an Karreane kultur etxean, eta egunean bertan lehiatilan. Langabeek eta ikasleek doan izango dute sarrera.

 

ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea da. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu Imanol Epelde Pagolak, gaur egungo euskal gizartearen inguruko hausnarketa eginez. "Euskara minorizazio egoera larrian dago, Euskal Herria diluitzen ari zaigu mapan, lurra kolapsotik gertu eta energia iturriak agortzear; gero eta zailagoa eta nekezagoa da bizitzeko poz bat izatea, zertarako eta zertan gabiltzan galderari erantzutea. Abiadura gero eta azaleratuagoan bizi den gizarte scroller-a da gurea, bizitza modernoak gaixotua eta medikalizatua". Poz bat, mezu bat, gogo bat piztera dator 'Zerbait sartu zait begian emanaldia'. Botika bat izan nahi du noraez indibidual eta kolektiboarentzat. Horretarako, eszenan artista bakarra, pantaila eta musika.

Igande arratsaldean, 17:30ean izango da saioa Zaldibiako Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik eskuratu daitezke 3€an Karreane kultur etxean, eta egunean bertan leihatilan. Langabeek eta ikasleek doan izango dute sarrera.