"Zarata", LGBTI+ kolektiboarekiko dugun ikuspegia zabaltzeko

Uztailaren 3an, ostegun arratsaldean, LGBTI+ kolektiboaren inguruko hausnarketa egitera bultzatzen duen audogida erako erakusketa egongo da kultur etxean. 10 artistaren istorio bana entzungo dute parte hartzaileek, proposamen bisualak ikusten dituzten bitartean: irudiak, berriak, argazkiak...

 

Zaldibiako Karreane kultur etxean 'Zarata' proiektua egongo da bisitagarri uztailaren 3an. LGBTI+ kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzea du helburu proiektu honek, ezohiko formatu baten. 16:00etan hasiko da eta 19:00ak arte iraungo du. Helduentzat dago zuzenduta.

Kasko edota aurikularren bitartez audio bat entzungo du parte hartzaileak. Audio horretan zehar LGBTI+ kolektiboaren parte diren hamar euskal artistaren ahotsak entzungo ditu. Artista bakoitzak istorio ezberdin bat azalduko dio belarrira parte-hartzaileari: istorioak poetikoak, politikoak eta fikziozkoak, besteak beste. Amankomunean duten gauza bakarra zera da, LGBTI+ kolektiboaren inguruko hausnarketa bat egitera bultzatzen dutela guztiek. Artista horien ahotsez gain, parte-hartzaileak nora joan eta zer egin behar duen azalduko dion gidari baten ahotsa ere entzungo du.

Audioak dakarren mezua jendeari errazago iritsarazteko, proposamen bisualak ere izango dira: irudiak, berriak, argazkiak... Esperientzia indibiduala izango da, bakoitzak nahi duen unean has dezake ibilbidea. Horrela jende pilaketak saihestuko dira eta esperientzia lasaiago egiteko aukera emango dio parte-hartzaile bakoitzari. Mekanismo honi esker, norbait esperientzia amaitzen ari den bitartean beste norbait esperientziaren hasieran egongo da.