Zaldibiko festak 2025: balorazioa

Astearte arratsaldean izan zen urteroko deialdia herriko festen balorazioa egiteko. Festen balorazio ona egin zen orokorrean eta hobetu beharreko zenbait arlo jaso dira herritarren eta batik bat herriko eragileen ekarpenei esker. 

 

Astearte arratsaldean Zaldibiako jaietako balorazio bilera egin zen udaletxeko areto nagusian, eta jaien antolaketan parte hartu zuten hainbat eragiletako ordezkariak bildu ziren hitzorduan. Orokorrean, "ondo" baloratu zituzten 2025eko herriko jaiak, nahiz eta datorren urterako hobetu beharreko hainbat puntu azpimarratu.

Oro har, eguraldiak lagunduta herritarrek festa giroaz gozatzeko aukera izan zutela nabarmendu zen bileran. Egitarauan jasotako ekintzak antolatu bezala bete ziren, eta parte-hartzea ona izan zen, gainera. jai herrikoiak izan dira, eta Zaldibiako elkarte eta eragileek egindako lana nabarmendu nahi du Udalak, festak herritik eta herriarentzat sortzea baita helburu nagusia. Dena dela, antzeman da joera aldaketa bat gertatzen ari dela festak bizitzeko moduan, ikusten baita pixkanaka egunean zehar antolatzen diren ekitaldiak indarra hartzen ari direla, eta, inguruko herrietan gertatu den bezala, gauean mugimendu gutxiago izaten dela. 

Azpiegiturak, oholtzaren kokapen berria, hondakinen kudeaketa, kale garbiketa eta festako guneen antolaketa orokorra ongi baloratu dira eta ez da beste zenbait urtetan izan diren eraso, liskar, txikizio gertaera nabarmenik egon. Balorazioa ona da, beraz. 

Halere, badira datorren urteari begira kontutan hartu beharreko hainbat gai:

Bileran bereziki aipagai izan zen, urriaren 4an, igandean, goiz-eguerdi partean gertatutakoa. Aldi berean programatuta zeuden Aniztasun Festa, Sega Pikatze Txapelketa eta bertsolariak, eta horrek elkarri kalte egin zien. Etxekonekok Elkarteko kideek urte askotako ibilbidea duen Aniztasun Festaren inguruko hausnarketa sakona egin dute eta bereziki faltan bota dute aurreko edizioetan sortu izan den elkartasun giroa eta jatorri ezberdineko herritarren artean harremanak egiteko aukera. "Jende asko Aniztasun Festako postuetan platera bete eta Sega Pikatzea ikustera joan zen oraingoan. Beste urteetan, aldiz, karpan geratzen da jendea eta interes gehiago antzeman izan dugu herritarren partetik, gure herrialdeen eta bertako janariaren inguruko galderak egin izan dizkigute eta oso giro polita eta berezia sortzen da. Aurtengoan hori falta izan zaigu", nabarmendu zuten bileran elkarteko ordezkariek. Gainera, ekimenak prestaketarako aurre-lanketa handia eskatzen du eta horrek festetako gainontzeko ekintzetan parte hartzea eragozten diela ere sumatu dute. Horregatik, datorren urtean Aniztasunaren Jaia festa egitarautik atera eta beste asteburu batean antolatzea dute buruan, berriz ere hasieran zuen zentzua berreskuratzeko.

Kuadrilla egunak, mozorro bazkariak bezala, 400 laguneko langa gainditu zuen. Bi bazkari hauetako giro ona nabarmenduta, kuadrilla eguneko bazkariko menu aldaketarekin ez dela asmatu nabaria da eta kontuan izango da datorren urtera begira. Amundaren paella oso estimatua izan da zaldibitarren artean, eta aurtengo Kuadrilla egunean askok faltan bota dute. Zoritxarrez, aurreko astean zendu zen Erramun Amundarain Amunda eta bileran presente izan da, urte askoan izan baititugu gurekin bera eta bere taldekoak Kuadrilla eguneko bazkaria prestatu eta zerbitzatuz, Iparra-Hegoa ekimena laguntzeko helburuz. Zaldibiako Udalak eta festa batzordeak urte hauetan guztietan egindako lana eta sortutako giroa aitortu eta eskertu nahi die lerro hauen bidez guztiei. Eskerrik asko herria egiten bidelagun izateagatik!

Nabarmenenak bukatzeko, haur eta gaztetxoei bideratutako ekintzez eta kontzertu saioren bat iluntzean egiteaz hausnartu zen, urtean zehar eragileekin landu beharreko gai gisa.

Aipatutako puntu horiez gain, mantendu edota hobetu beharreko beste zenbait arlo komentatu ziren bileran eta internet bidez jasotakoak ere aipatu ziren. Horiek guztiak kontutan izango ditu festa batzordeak datorren urteko jaiak antolatzerakoan.

Azkenik, 2026an urriaren 1, 2, 3, 4 eta urriaren 10an ospatuko dira Zaldibiako jaiak eta apirila inguruan deituko da festak antolatzen hasteko bilera irekia.