18:00etan hasiko da saioa, eta Amaia Ugalde UEMAko teknikariak herrian euskarak izan duen bilakaera ezagutzeko datu zehatzak aurkeztuko ditu, baita UEMAk egiten duen lana azaldu ere. Ondoren, herritarrek gaiaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute.
EGUNA: abenduak 11, asteazkena
ORDUA: 18:00etan
LEKUA: Udaletxeko areto nagusian
Azaroaren 13a egin zen Zaldibiako Euskara Mahaia sortzeko bilera, eta bertaratu ziren herritarrek eta udal ordezkariek erabaki zuten euskararen inguruan informatu, hausnartu eta ekiteko hilean behin biltzea, saio bakoitzean gai jakin bat landuz. Beraz, aurrerantzean hileko bigarren asteazkenetan, 18:00etatik 19:00etara, bilduko da Euskara Mahaia, bihar izango delarik lehen saioa.
Euskara Mahaiaren ibilbideari hasiera emateko, Zaldibian euskararen erabilerak zer nolako bilakaera izan duen ezagutzeko datu zehatzak aurkeztuko ditu Amaia Ugalde UEMAko teknikariak, eta jarraian gaiaren inguruan hausnartzeko tartea izango da. Saioa ordubetekoa izango da eta gaiarekin interesa duten herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.