2023ko ekainaren 17an osatu zen Zaldibiako udalbatza berria. Ioritz Berra Juaristi izendatu zuten alkate EH Bilduko 6 aldeko bozka eta EAJ-PNVren abstentzioarekin. Udal eraikin berriko pleno aretoa bete zuten herritarrek. Hemen duzue ekitaldiko bideoa.
Kronika:
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako bozka emaitzak oinarri, larunbatean hartu zuten kargua Zaldibiako udalbatza berriko 9 ordezkariek.
12:00etan zen hitzordua, udaletxeko pleno aretoan. Ordezkari eta udal idazkariaz gain, herritar ugari gerturatu zen kargu hartze ekitaldira. Ordezkari zaharrenak eta gazteenak adineko mahaia osatu eta dokumentazioa baieztatu ondoren, udalbatza eratu zen lehenik. Ondoren, alkatea hautatzeko bozketa egin zen, hautagaitza bakarra EH Bilduk aurkeztu zuelarik.
Hala, Ioritz Berra Juaristi izan zen hautatua, EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko bozkaz eta EAJ-PNVko 3 ordezkarien abstentzioaz.
Eztitxu Mujika Mariezkurrenaren, 2019-2023 artean alkate kargua bete duenaren eskutik jaso zuen makila alkate berriak eta bere hitzartzearen ondoren, udalbatza berria eta bertaratutako herritarrek mokadutxoa egin zuten.
Lotura: