Zabaldu den bezala, CAFen gertatutakoek kezka eta ezinegona eragin dute Zaldibian, eta Udalak egoera horri heldu eta bere jarrera argi adierazi nahi du. Bereziki, emakumeen aurkako jarrerak eta indarkeria matxistak arbuiatzen ditu, eta halako egoeren aurrean erakunde publikoek jarrera argia eta konprometitua izatea ezinbestekotzat jotzen du. Herritarren artean sortutako kezka eta ezinegona ere bere egiten ditu, eta ulertzen du gertakari hauek ez dietela soilik zuzenean inplikatutako pertsonei eragiten, baizik eta baita herri osoari ere. Jarraian, osorik.
ZALDIBIAKO UDALAREN ADIERAZPENA
Zabaldu den bezala, CAF enpresan gertatutakoek kezka eta ezinegona eragin dute Zaldibian, eta Udalak egoera horri heldu eta bere jarrera argi adierazi nahi du. Bereziki, emakumeen aurkako jarrerak eta indarkeria matxistak arbuiatzen ditu, eta halako egoeren aurrean erakunde publikoek jarrera argia eta konprometitua izatea ezinbestekotzat jotzen du. Herritarren artean sortutako kezka eta ezinegona ere bere egiten ditu, eta ulertzen du gertakari hauek ez dietela soilik zuzenean inplikatutako pertsonei eragiten, baizik eta baita herri osoari ere.
Lehenik eta behin, elkartasuna eta babesa agertu nahi dizkie biktima guztiei eta beren ingurukoei, eta haien erreparaziorako Udalaren baliabideak eta laguntza jarriko ditu haien eskura.
Konpromisoa hartzen du, bere eskumenen eta baliabideen barruan, egoera honek herriko bizikidetzan eta herritarrengan izan duen eta izango duen eragina ikuspegi feministatik lantzeko. Horretarako, beharrezkoa den lanketa egingo du, herrian sortutako kezka eta bizipenak kontuan hartuz eta berdintasuna, errespetua eta bizikidetza sustatuz. Ildo horretan, herritarrei ere dei egiten die norabide horretan beren ekarpena egitera, elkarbizitza eta indarkeria matxistarik gabeko herria eraikitzeko ardura guztiona dela ulertuta.
Badaki gertakari hauek prozesu juridiko baten baitan daudela, eta, beraz, dagokion prozeduraren garapena eta bertan hartuko diren erabakiak errespetatuko ditu.
Halaber, Aske Talde Feministak egindako lana eta adierazpena aitortu eta babestu nahi ditu, eta azpimarratu nahi du herriko mugimendu feministak halako egoeren aurrean egiten duen lana eta jarrera ezinbestekoak direla indarkeria matxistari aurre egiteko eta gizarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko.
Azkenik, Goierriko Koordinadora Feministak gaur, irailak 14, 19:00etan Ordiziako plazan deitutako elkarretaratzearekin bat egiten du, eta herritarrak bertan parte hartzera animatzen ditu.
Zaldibiako Udala