Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu kanpainak eta aurten, inoiz baino gehiago gure bazterrak ezagutzeko aukera egingo dutenez askok, gure herriko altxorra den euskara mahai gainean jarriko da, herriko tabernarien laguntzaz.
Pasa den asteartean bildu ziren Zaldibiako Udaleko ordezkariak herriko tabernariekin udako kanpainari eta “normaltasun berriari” buruz hitz egin eta hainbat gai zehazteko.
Martxoaren erditik aurrera, etengabea izan da tabernariekiko harremana, batez ere “deseskalatze” faseetan, araudien berri emanez, terrazak antolatuz, zalantzak argituz, eta abar. Sektore honek, beste askok bezala, kolpe gogorra jaso du, eta orain ari dira horri buelta ematen, baina ez lan gutxirekin.
Izan ere, higiene eta desinfekzio neurriak eta titularrek dituzten ardurak kontuan hartuta, ez da erraza egiten ari diren lana egitea. Are gehiago, gaitzak hor jarraitzen duela ikusirik eta hainbeste herritarri zerbitzua ematen zaionean.
Udako kanpainari begira, hainbat gai zehaztu eta eskua luzatu die Udalak ezohikoa izango den uda honetan zehar sortzen zaizkien beharrei ahal den neurrian erantzuten saiatzeko. Covid-19ak sortu duen egoera ikusirik, euskal herritar askok inguruan pasatuko dute oporraldia eta baliteke inoiz baino mugimendu gehiago izatea herrian zein eskualdean.
Horren harira, UEMAren “Bertatik Bertara” kanpaina aurkeztu die Udalak tabernariei eta kanpainaren muina diren mahai-mantel sorta entregatu die. Batez ere gure herria bisitatzen dutenei jarriko zaizkien mantelak dira, Euskararen arnasgune garen herrien balioa eta gure altxorra den hizkuntza presente, mahai gainean, izango dutelarik.
Komun publikoak
Hartu beharreko higiene eta segurtasun neurriak betetzeko ezintasuna ikusirik, momentuz itxita daude komun publikoak. Udalak arazo honen berri eman die tabernariei, jakitun izanik horren karga zati bat tabernariek jasaten dutela. Ulertu dute ezintasuna eta erabilera txukuna eman eta tabernara musukoarekin sartuta, hala behar duten herritarrei zerbitzua ematen jarraituko dute.
Amaitzeko, Zaldibiako Udalak eta tabernariek herritarrek orokorrean duten jarrera ona azpimarratu dute eta horrela jarraitzea espero dutela adierazi dute, ulertuz herritarren jokabideak tabernen titularrengan izan ditzakeen eraginak eta beraz, errespetuz jokatuz.