Zaldibiako Festak 2026: Balorazioa

Azaroaren 3an, arratsaldean, egin zen Zaldibiako jaien balorazioa, antolaketan parte hartu zuten eragileetako ordezkariekin. Egitarauaren balorazio ona egin zen orokorrean, baina festetan gertatutako eraso matxistek eta txikizioek zeresana eman dute, eta horien aurrean neurriak hartzearen garrantzia nabarmendu zen bileran. 

 

Joan den astean Zaldibiako jaietako balorazio bilera egin zen udaletxeko areto nagusian, eta jaien antolaketan parte hartu zuten hainbat eragiletako ordezkariak bildu ziren hitzorduan. Orokorrean, "ondo" baloratu zituzten 2026ko herriko jaiak, nahiz eta  festetan gertatutako eraso matxistek eta txikizioek giroa zapuztu. 

Oro har, eguraldiak lagunduta herritarrek festa giroaz gozatzeko aukera izan zutela nabarmendu zen bileran. Egitarauan jasotako ekintzak antolatu bezala bete ziren, eta parte-hartzea ona izan zen, gainera. Jai herrikoiak izan dira, eta Zaldibiako elkarte eta eragileek egindako lana nabarmendu nahi du Udalak, festak herritik eta herriarentzat sortzea izaten baita helburu nagusia.

Eragileek orokorrean ondo baloratu dituzte gauzatutako ekintzak eta hauen antolakuntzarako behar izan diren baliabideak ere bai. Aipatzekoa da 400 lagunetik gora bildu direla bai mozorro eguneko bazkarian, baita kuadrilla egunekoan ere. Berrikuntza gisa urriaren 2an egin zen haurren bazkarian, berriz, 100 haur eta gaztetxo elkartu ziren. Guraso Elkarteak ondo baloratu du ekimena eta datorren urteari begira hobetzeko puntuak egon arren, oro har, haurrek oso gustura parte hartu zutela nabarmendu zen bileran.

Hobetutakoak eta hobetzekoak

Iazko sentsazio gazi-gozoaren ondoren, aurten urriaren 4ko Aniztasun festako antolatzaile Etxekonekok elkarteak, positiboki baloratu zuen euren ekimena. "Antolaketa ona izan zen eta partaideak pozik geratu ziren". Gainera, jaiak jatorri desberdinetako herritarren arteko "harremanak sendotzeko" balio izan zuela ere nabarmendu zuten. Gaiaren inguruan hitz egin zen bileran, eta eragileen arteko eztabaidak hausnarketarako aukera ireki zuen. Izan ere, antolatzaileak ohartu dira jende askok "platera bete-bete" egiten duela Aniztasun festan, baina ez dutela hartutako guztia jaten, eta "janari asko alferrik galtzen" dela modu horretan. "Ordaindu behar ez denean, badirudi janariak balioa galtzen duela, eta pena da, herritarrek ahalegin handia egiten dutelako euren herrialdeetako jakiak zaldibitarren eskura jartzeko, eta batzuek euren poltsikotik ere dirua jartzen dute guztia primeran irten dadin". Hurrengo urteari begira, agian, Aniztasun festan mokadua jateagatik ere "prezio sinbolikoa" jartzea ere proposatu zen bileran.

Urriaren 10eko Kuadrilla eguneko bazkariari dagokionez, ordea, hobetu beharrekotzat jo da. Aurten lehen aldiz Biziola Kooperatibak eman zuen bazkaria eta janaria goxoa bazen ere, banaketa antolaketa ez zenez egokiena izan, janari kopurua ez zen nahikoa izan zenbait mahaitan. Udaletik, "bertako produktuetan oinarritua eta elikadura burujabetzaren alde" hartutako bideari eusteko nahia agertu zen, baina "hurrengo urteetara begira janari kopuruak handituz eta hauen banaketa hobetuz, parte-hartzaile guztiak asebeteta gera daitezen". Izan ere, azken hamarkadan asko indartu da Kuadrilla eguneko bazkaria eta adin desberdinetako herritarren bilgune izaten jarraitu dezan nahi du festa batzordeak. 

Txikizioak eta erasoak
Aurtengo festetan txikizio handiak eta hainbat eraso matxista izan dira herrian, eta Zaldibiako Udala eta herritarrak "kezkatuta" daude zenbait zaldibitarrek erakutsi duten jarrerarekin. Balorazio bilerako parte-hartzaileek aipatu zuten ez dela onargarria herriko tabernetako komunak edo udalak festetarako ekartzen dituenak txikitzea jolas edo denbora-pasa moduan. "Festetako azken egunean udalak jarri zituen komun bat bera ere ez zegoen erabilgarri, suziriekin lehertu zituztelako, eta tabernek ere erabaki zuten euren komunak ixtea, txikizioak jasan zituztelako. Herri gisa gaiaren inguruko hausnarketa egin beharra daukagu, zein festa eredu sustatu nahi dugun pentsatu". Ildo horretan, Askek talde feministako ordezkariak hartu zuen hitza. Askek herri mailako hausnarketa abiatu du azken hilabeteetan eta festetan herrian gertatu diren erasoen harira. "Herriko eragile askok parte hartu dute hausnarketan, 50 lagun inguruk, eta eraso matxisten aurrean zein jarrera matxista, arrazista eta sexisten aurrean herriko mailako erantzuna ematearen beharra ikusi dugu. Herri mailako prozedura landu beharko litzateke, herritarrekin eta eragileekin adostua. Prozedura denok ezagutu, ulertu, herritarrei zabaldu, pausoak adostu eta modu guztietako erasoen aurrean erantzun bateratua diseinatzeko tresna izan beharko luke". Formakuntza eta hausnarketa ere ezinbestekoa direla azpimarratu zuen Askeko ordezkariak. "Lanketa jendarteko arlo guztietan egin behar da: familia, zaintzaile, irakasle, hezitzaile eta begiraleekin; baita emakumeekin eta neskekin, saretzen jarraitu daitezen, eta batez ere gizon eta mutilekin, indarkeria matxistan zein berdinen arteko indarkeria gertatzen denean, beti mutil eta gizonezkoak baitira protagonista".

2027ko festak
Jaietako balorazio bileraren amaieran, datorren urteko festak zein datetan kokatu erabaki zen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2027ko urriaren 7a jai eguna izendatu du, eta horrek zubi luze bat sortuko du. Hala, taldean eztabaidatu ondoren, erabaki zen 2027an herriko jaiak irailaren 30ean hastea. Herriko Jai Eguna urriaren 1a izango da, eta urriaren 2an eta 3an ospatuko da festetako lehen asteburua. Bestalde, urriko bigarren asteburuan ospatzen den Kuadrilla Eguna urriaren 7an egingo da, ostegunez. Modu horretan, urriaren 6an, arratsalde-iluntze parterako ekitaldiren bat antolatzeko aukera ere izango da jai bezpera izanik. 2027ko apirila hasieran deituko da festak antolatzeko lehen bilera.