Zaldibiako egoera larria da eta bitartekoak eta ekintza/neurri plan zehatza behar ditugu transmisioa eteteko

Hori da Zaldibiako Udalaren lehentasun bakarra gaur egun eta jarraian ageri den gutuna bidali zaio Osasun Sailburuari. Gaur eguerdian, 2021eko apirilaren 6an, argitaratuko den txostenaren arabera, gutxienez 7400eko inzidentzia-tasa izango dugu 14 egunetan, gutxienez 124 herritar bi asteetan positibo eman dutenak. Gutunean herriko egoerari buruzko kezka adierazteaz gainera, eskaera zuzenak egiten dizkio Udalak Osasun Sailari, baita lankidetzarako prestutasuna azaldu ere. Jarraitu irakurtzen. 

 

2021eko apirilaren 6an Zaldibiako Udalak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari eta bere Sailari bidalitako gutuna:

Gaur 2021eko apirilaren 6an argitaratuko den txostenaren arabera, gutxienez 7400eko inzidentzia-tasa izango dugu 14 egunean, gutxienez 124 herritar bi asteetan positibo eman dutenak, herriko 52 etxebizitzatan dugu positibo den norbait, eta berrogeialdi prebentiboan egon diren eta dauden beste hainbeste eta gehiago.

Zaldibiako 3 pertsona ospitaleratu behar izan dira gutxienez, Zainketa Berezien Unitatean egon da haietako bat, adin txikiko haurra, eta badira beste batzuk momentuz etxean, baina sintoma kezkagarriekin daudenak ere.

Zaldibiako egoera larria da eta bitartekoak eta ekintza/neurri plan zehatza behar ditugu transmisioa eteteko. Hori da Zaldibiako Udalaren lehentasun bakarra gaur egun.

Egun hauetan Osakidetzako arakatzaile sareari eta herritarren kolaborazioari esker lan handia egin da, hori ukaezina da eta datuak dira horren erakusle. Indarrean diren neurriei buruzko informazioa, herritarrei emandako ohartarazpenak eta irizpideak ere egunerokoak izan dira Udaletik.

Bi ildo horietan lanean jarraitu behar dela argia da, baina egoera oso kezkagarria da eta Zaldibiako herriak Covid-19aren zabalpena eteteko ekintza-plan bat eta estrategia bat behar ditu.

Baheketa deialdi zabala ekintza horietako bat izan daiteke. Lehen egunetik (martxoaren 26a) Osasun Saileko Idazkaritzari eta jarraian (martxoaren 29an) Koldo Cambra Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako osasun-programen arduradunari azaldu izan diogu honen beharra. Bileran ere aipatu genuen Osasun Sailetik baheketa masiboak antolatzeko estrategia baztertu bazen ere, martxoan zehar Goierriko hiru herritan (Legorreta, Ataun eta Lazkao) berriro erabili dela tresna hau.

Ez dakizkigu baheketa egiteko erabakia hartzeko irizpideak zein diren, baina nabarmen dakigu aipatutako hiru kasuetan baino egoera are larriagoa dela Zaldibiakoa. Arakatzaileen bidezko lanak bere bertuteak eta bere mugak ditu, baheketa batek beste batzuk izan ditzakeen bezala.

Baina, zinez uste dugu herriko egoeraren tamaina eta herrian agerian den kezka ikusita, martxan jarri litezkeen bide eta tresna guztiak ipini behar direla mahai gainean. Eta berandu bagoaz ere, beranduegi izan aurretik hartu behar dira neurriak.

Gaur bertan idatzi diogu Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari eta hemen dituzue zuzenean egin dizkiogun galderak:

  • Nola liteke Zaldibiako Udalaren informazio iturri ofizial bakarra euskadi.eus-en astelehenetik ostiralera 12:30etan plazaratzen den txostena izatea?
  • Martxoaren 31n burututako bileran, arakatzaile sareak jasotakoarekin egoeraren inguruko analisi bat aurkeztu zitzaigun hainbat udalei. Azterketa hori eguneratu eta konpartitu al dezakezue Zaldibiako Udalarekin?
  • Jakinda Zaldibian kutsatzea dibertsifikatu dela eta ez dagoela jatorri bakar bat, zein neurri abiatu behar ditu Osasun Sailak kutsatutako pertsonak identifikatu eta transmisioa eteteko?
  • Zein da Osasun Sailaren estrategia eta zein neurriak, Zaldibiako kutsatze katea lehenbailehen eteteko?

Pandemia osoan zehar eta iritsi zaigun olatu honen lehen egunetik adierazi izan diogun bezala, Zaldibiako Udalak bere prestutasun osoa adierazi dio Osasun Sailari, ekintza-plan horren osaeran kolaboratzeko, baita hau aurrera eramateko baliabide-mota ezberdinak (pertsonalak, materialak, azpiegiturak, komunikaziokoak…)  jartzeko ere.

Zaldibian, 2021eko apirilaren 6an.