Urriak 15: haurdunaldiko, erdiondoko eta jaioberrien heriotzen dolua ikusgai egiteko Mundu Eguna

Igandean, urriak 15, haurdunaldian, erditu ondorenean eta jaioberritan gertatzen diren heriotzek eragindako dolua ikusgai egiteko Mundu Eguna ospatuko da. Jaiotza inguruko doluan garrantzitsua da bakarrik ez zaudela jakitea eta horretarako gizarte mailan aldaketa bat egitea beharrezkoa da, informazioa zabaltzea eta familiei baliabideak erraztu eta jarraipena egitea. Hori bistaraztera dator igandeko eguna, jarraitu irakurtzen. 

 

Hego Euskal Herriko haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzen dolu elkarte erreferentea da Esku Hutsik Elkartea, askotariko ekintzak burutzen dituztelarik. Besteak beste, dolu mota hau ikustaratzeko argazki erakusketa ibiltari bat eta mahai inguruak egiten dituzte udalerridesberdinetan. Ezin aipatu gabe utzi elkartearen beste proiektu batzuk, hots, hilerrietan oroitzapen guneak sortzea, osasun-protokoloak eta -gidak egiten laguntzea, erakundeekin, profesionalen elkargoekin eta partidu politikoekin bilerak eta beste elkarte batzuekin elkarlanean egiten ari diren ekintzak.

Elkarte honek eskaera luzatu dio Zaldibiako Udalari urriaren 15ean udal eraikinak argiztatzeko, haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzen dolua ikusgai egiteko ospatzen den Mundu Egunarekin bat eginez. Hori dela eta, argi urdinez piztuko da udaletxeko armarria igande iluntze-gauean. 

Ekimenaren helburuak:

● Dolua egiten laguntzea.

Haurtxo horien heriotzak, ez duenez ahalbidetzen gizartean haien existentziaren irudi “ikusgarri” bat izaten, dolu isil eta oso baliogabetua da, gerturatzeko beldurra ematen duena. Tabu horren ondorioz, familiek ezin dute dolu osasuntsurik egin, eta, askotan, erre eta lurperatu egin behar izaten dituzte doluaren fase desberdinak, gizarteak eta inguruak bultzaturik. Dolu isila eta ez baimendua izaten da, eta askotan patologiko bihurtzen da, gaixotasun psikologiko eta fisikoak eraginez.

Gaur egungo gizartean, haurdunaldiko edo jaiotza inguruko galerak ukatu edo minimizatzeko joera dago. Hori askotan gertatzen da informazio, prestakuntza, ezagutza eta baliabide emozional faltagatik. Espero den haurtxoa galtzea, haurdunaldiko asteak alde batera utzita, oso esperientzia traumatikoa eta mingarria da. Gurasoentzat eta familientzat inpaktu suntsitzailea da, eta sakonki eragiten die haien bizitzei. Bere doluaren intentsitatean benetan eragiten duena bere mundu afektiboan seme edo alaba horrentzat sortu duten eta hutsik gelditu den espazioa da.

Familia horiek beraien haurraren heriotzarekin ez ezik, beraien etorkizunaren, itxaropenen eta nortasunaren desegitea ere pairatzen dute, eta, beraz, dolu patologikoa jasateko arrisku handia dute. Gizartean ulertzen ez den zerbait da.


● Giza galera horiei ikusgarritasuna ematea (haurdunaldi-adina eta entitate juridikoa edozein direla ere), horrela, gizarte ulerkorrago batean, familiei laguntza eraginkorrago bat eskeini ahal izateko.


● Norbere baitan biltzeko eta gertatutakoa baloratzeko egun bat izatea, batez ere haurtxoen gorpuzkiak jasotzeko aukerarik izan ez duten eta seme-alaben oroitzapen fisikorik ez duten familientzat.

 

Informazio gehiago hemen: ESKU HUTSIK Elkartea