Urrezko Bikain ziurtagiria eman diote Zaldibiako Udalari

Eusko Jaurlaritzak asteartean banatu zituen 2025eko Bikain euskararen kalitate-ziurtagiriak, Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldian. Bertan Goi Mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen Zaldibiako Udalak, UEMAko kide diren beste 10 udalekin batera.

 

Ebaluazio taldea azaroaren 112an izan zen udaletxean, eta behaketa-lanak egiteaz gain, hainbat sailetako arduradun tekniko eta politikorekin bildu ziren. Euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko nahiz kudeatzeko udala egiten ari den lana nabarmendu du. Euren txostenean halaxe diote: dagoeneko ageriko emaitzak eman dituen lana da.

Ebaluazio-prozesu osoan zehar eskuratutako informazioa oinarri hartuta, talde ebaluatzaileak honako indarguneak nabarmendu ditu:

  • Zaldibiako Udalak aspaldi hartu zuen euskara hutsean funtzionatzeko erabaki irmoa. Erabaki hori, urteen poderioz, errotu da eta sendotu da. Eta, gainera, urteekin hobekuntzak egiten joan dira. Erabaki horren ondorioz, gaur egun Udalaren hizkuntza irizpide aurreratuak zeharo txertatuta daude Udalaren funtzionamenduan. Erakundeak neurriak hartu ditu euskararen indarberritzean positiboki eragiteko, bere lan-jardun eta politika publikoen diseinuan, garapenean eta jarraipenean. Zaldibiako Udalak euskara zeharlerrotasunez lantzen du. Bere politika publiko guztietan txertatuta ditu hizkuntza estrategiak eta hizkuntza kudeaketa aurreratua du arlo guztietan. Horrez gain, Udalak defektuz euskaraz funtzionatzen du, euskaraz komunikatzen du.
  • Zaldibiako Udalak herritarrekin dituen harremanetan hizkuntza politika aurreratua du. Langileek euskaraz jarduteko eskaintza aktiboa egiten diete herritarrei ahoz, herritarrek hizkuntza aukeratu bitartean. Zaldibiako Udalak herritarrentzako antolatutako ekitaldietako eta ikastaroetako hizkuntza nagusia euskara da. Kultur arloko eskaintza, gainera, euskara hutsezkoa izan ohi da. 18 urtetik beherako aisialdi eskaintza osoa ere euskara hutsezkoa da (Gaztelekua, udalekuak, …). Herritarrekin izan behar dituzten bileretan aldi bereko itzulpena erabiltzen dute, euskara hutsezko presentzia bermatu ahal izateko. Zaldibiako Udalak webgunea euskara hutsez du, sare sozialak ere euskara hutsez erabiltzen ditu, Udalak argitaratzen dituen kartelak ere euskara hutsezkoak izaten dira, telegram kanala euskara hutsezkoa da… Kasu horietan guztietan, gaztelaniaz nahi duen herritarrari itzulpena eskatzen zaio hala eskatzen badu.
  • Zaldibiako Udalak traktore lana egiten du euskararen erabilera sustatzeko duen estrategiaren komunikazioan. Alde batetik, Udalaren ekimenez, Euskara Mahaia osatu da herritarrekin euskaltzaletasuna aktibatzeko. Mahai horrek herritarren arteko hausnarketak sustatu ditu, Euskaraldian parte hartu, euskara ikasteko aukerak zabaldu ditu, … Urtebete baino ez du egin Mahai horrek, baina Udalak euskararen biziberritzean duen inplikazioa erakusten du. Beste alde batetik, Udalak euskara hutsez egiten dio herritarrari kultur eskaintza, eskolaz kanpoko eskaintza osoa ere euskara hutsezkoa da, baita komunikazioa ere (kartelak, sare sozialak, webgunea, telegram taldea), … Horrek guztiak erakusten du Udalak trakzio lana egiten duela eta euren euskararen aldeko estrategia herritarrei zein interes taldeei zabaltzeko konpromiso irmoa duela.