Udal gobernuaren mezua herritarrei

Igandean Zaldibiako Udal gobernuak mezua grabatu zuen azken urtearen balorazio aurrerapena eginez. Ez da urte xamurra izaten ari eta geratzen denak ere ez du lasaia izango denaren itsurarik. Hemen duzue informazio guztia.

 

Kaixo zaldibitar,

Urte gogor honen hondarrean Zaldibiako udal gobernu taldekook mezu hau elkarbanatu nahi dugu zurekin.

Iazko urtea hasi zenean inork gutxik espero zuen halakoa izango zenik hain borobila zirudien 2020a. Pandemia honek denok harrapatu gaitu gaizki, denoi eragin digu kaltea, bistakoa da hori. Denon bizitzak zeharkatu ditu, etxetik hasi eta sozializatzeko gune guztietara arte. Kaltea, ordea, ez da berdina denontzat. Lehen ahula zena, ahulagoa da orain. Haurrak, gazteak, emakumeak, etorkinak eta pentsiodunak dira horren lekuko.

2019an ekin genion legegintzaldi berriari indar berriturik, eta ez zaigu erronka makala tokatu. Aurrez inork bizi gabeko egoera bat kudeatzearen zailtasunari, hain bihurria eta zabalpen errazekoa den gaitza batu zaio. Neke handia eragin digu badoan urte honek, ez dugu ezkutatuko. Hala ere, herritarrek gehien behar zuten unean saiatu izanaren sentsazioa ere badugu, eta horretxek arintzen digu neke hori.

Atzean geratu zaigu dagoeneko aurtengo martxoa. Bat-batean eta erabateko konfinamenduarekin ekin genion gaitza zabaltzea eragozteko borrokari. Ezjakintasunaren eta baliabide ezaren erdian, udalak eta herritarren babes sareak bihurtu ginen konfinamendu hartan zaurgarrien zirenen sostengu bakarrak. Gogoan ditugu elikagaiak banatu eta hondakinak biltzeko zerbitzuak martxan jartzea, ikasleen etxeetara sim txartelak banatzea klaseak jarraitzeko interneta izan zezaten, udalaren zuzeneko informazio kanal berriak sortzea, baita herritarrei etxeko egonaldia arindu edo haur eta gaztetxoak konfinamenduan jasaten ari ziren hura salatzeko dinamikak martxan jartzea ere.

Hura gogorra izan bazen, ondorengoa ez zen errezagoa izan. Neurriak arindu ahala, oso zaila izan zen horren kudeaketa egokia egitea, batez ere Udalean ez genuelako horri buruzko inolako informaziorik jasotzen eta herri txikietan baliabideak ere mugatuak izaten direlako. Foru Aldundiak ere, bi alditan udalbatzan salatu dugunez, udal foru funtsa %20 murriztua digu maiatzetik udal guztioi, aldebakarrez hartutako erabaki batekin, zer eta inoiz baino laguntza gehiago behar izan dugun unean.

Desberdina izan da abuztuan hasi zen 2. olatu hau, ordea. Ekainetik gehiegi lasaitu izanaren sentipenarekin, eta irailerako etxeko lanak egiteko zeudela jakinda, udazken gogorra aurreikusten genuen gehienok. Halaxe izan da. Zaldibitar askok sufritu dute gaitza, batzuek ospitalea ere ezagutu dute, baina zortez gaitzak ez digu inor eraman. Halere, asko izan dira hildakoak Euskal Herrian eta munduan.

Eta maratoi luze hau ez da oraindik amaitu eta 2021ean gure artean jarraituko du gaitzak, baita haren ondorioek ere. Beraz, honakoa esan nahi genuke gure aldetik:

  • Dagokion leku guztietan jarraituko dugu eskumenak dituenari ardurak eskatzen, 3. olatuan ez dedin berriro halakorik errepikatu eta horretarako behar diren giza baliabideak, zein baliabide ekonomikoak jarri daitezen. Neurriak lehenago hartzea ezinbestekoa da, hala diote osasungintzako profesionalek eta hala erakutsi dute hainbat herrialdetako esperientziek ere.

Eta jarraituko dugu aldarrikatzen udalak lehen mailako erakundea garela eta herritarrengandik hurbilen gaudenak, pandemia honetarik inor atzean utzi gabe ateratzeko  eta gaitza herrian zabaldu ez dadin neurriak hartzeko oso tresna baliagarriak. Elkarlanerako borondatea duenari eskua luzatzen jarraituko dugu. Baita beharrezkoa dugun eta oraindik iristen ez zaigun informazioa eskatzen ere.

  • Herriari dagokionez berriz, egoera aldrebes hau kudeatzen jarraitzeko borondate osoa agertzen dugu, eta orain artean bezala, kudeatu bakarrik ez, eraldaketarako aukera gisa ere baliatu nahi dugu ahal den heinean. Ertzean zeudenak erdigunera ekartzeko erronkarekin ekin genion lanari iaz eta Covid-19ak horretarako beharra eta aukera areagotu egin ditu.

Gure urteko plangintza hankaz gora jarri bada ere, muinari heldu nahi izan diogu orain arte eta horretan jarraituko dugu, herritarrak eta sektore zaurgarrienak babestuz. Pandemiak lehendik zetozen gabeziak areagotzeaz gainera, herri txikietan dauzkagun balioak ere azaleratu ditu: gure inguruak, herritarren arteko gertutasuna, komertzio eta ostalaritza txikia, auzolana, kultur agenda,... jarraitu dezagun hauek zaindu eta elikatzen.

2020 urtea amaitzera doa, hobea izatea espero dugu 2021a. Jarraitu dezagun bide beretik elkar babesten, gure balioak praktikan jartzen eta auzolanetik eraldaketan sakontzen. Urte amaiera honetan hartu ditzagun indarrak datorrenari aurre egiteko eta zaindu gaitezen.

Zaldibian, 2020ko abenduaren 13an.

ZALDIBIAKO UDAL GOBERNUA