Resti Pilotalekua: kurtso eta argi-sistema berria martxan

Kurtso berria hastearekin batera, zehaztuta dago herriko kirol talde eta eragileen antolaketaren arabera Restiren erabilera ordutegia, eta martxan daude foko berriak, piztu eta itzaltzeko sistema berriarekin. Informazio osoa jarraian:

 

Hasi da 2022-2023 ikasturtea eta horrekin batera egin dira Restiko erabilera antolatzeko lanak. Frontoiko taulan bertan edota jarraian ageri den bezala, honakoak dira datorren ekainera arte Resti pilotalekuan lehentasuna izango duten jarduerak:

2022-2023 RESTI PILOTALEKUA: ORDUTEGI TAULA

Hala nahi duen herritarrak eta astelehenetik ostiralera erabilera erregularrerako den kasuetan, libre dagoen orduren bat erreserbatzeko eskaera egin dezake Karreane kultur etxean.

 

ARGI BERRIAK, SISTEMA BERRIAREKIN

Urrian jarri ziren Restiko foko berriak, LED erakoak, kontsumo baxuagoa eta argiztapen handiagoa izatea lortu delarik. Lehengoen aldean, piztu-itzali azkarrekoak dira gainera.

Argiez gain hauek piztu eta itzaltzeko sistema ere aldatu da, giltza elektronikoen bidez egingo delarik hemendik aurrera. Ohiko erabilera egiten duten arduradunek argiak pizteko aukera izango dute, eta pilotalekua erabilera librean ibili nahi dutenek ere argi-orduak erosteko aukera izango dute.

Nola erosi argi-orduak?

  • Karreane Kultur Etxean eros daitezke argi-orduak
  • Giltza elektronikoa baldin baduzu bertan kargatuko zaizkizu, eta ez baduzu giltza bat emango zaizu zure izenean.
  • Argi-ordu kopurua zehaztu eta bakoitzagatiko tasa (argi ORDU 1 = 3 EURO) ordaindu beharko duzu.
  • Giltzan kargatuta geratuko zaizkizun ordu horiek zuk nahi duzunean gastatu ahal izango dituzu.
  • Kontuan izatekoa: behin argiak piztuta ordubeterako piztuko dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Gehiago nahi izateko kasuan, itzali ondoren berriz piztu beharko dituzu, ordu-poltsatik bigarren ordu bat gastatuko zaizularik (izatekotan).

 

NEGUAN, ZER?

Kirol eta zerbitzuen arloan gaia aztertu ondoren, herrian dugun gune estali bakarretakoa izanik, baina aldi berean energiaren alferrikako kontsumoa eta gastua eragin nahi izan gabe, momentuz honela jokatuko da:

  • Astelehenetik ostegunera, pilotalekuan dauden jardueren ordutegiak ikusirik, 16:00etatik 18:30ak bitarte gutxienez argiak piztuta egongo direla aurreikusten da egunero. Batzuetan beranduagora arte ere bai.
  • Ostiraletan, 17:00etatik 20:00ak arte argiak automatikoki piztea programatu da, erabilera izango duela pentsatuz.
  • Larunbat eta igandeetan: arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara automatikoki piztuko dira argiak.
  • Bestelako jaiegun eta opor garaietan: asteburuen antzeko planteamendua egingo da.

Ordu horietaz aparte inork argia nahiko balu, Kultur Etxean argi-orduak erosteko aukera dauka aurrez azaldu bezala.