OSINBERDE, ZALDIBIKO UDE kanpainaren aurkezpena

Zaldibin dugun altxor preziatuenari izena ere jarri diogu. Herriko ura izateak duen balio eta balorea azpimarratu eta zabaltzeari begira lanketa egingo du Zaldibiako Udalak. Larunbatean Artxalgo deposituan martxan den ur iragazki sistema berria bisitatu ahalko da 10:30etatik 12:30etara.

Goizeko 10:30etik 12:30era bitartean, Olakosain kokatutako Artxalgo ur biltegia barrutik bisitatu, ura iragazteko jarri berri den sistema ezagutu eta azalpenak jasotzeko aukera izango da. Herritarrei bertaratzeko deia egiten diegu, herritik bertatik eta eguraldi ona lagun ibilaldia eginez. Herriko ostalaritzan Zaldibiko ude eskatzeko kanpaina ere abiatuko da.

ARTXALGO BILTEGIA ETA IRAGAZTE-SISTEMA IKUSTEKO AUKERA

Zaldibiako Udalak, Osinberden jaiotzen den ura hodi bidez ekartzen du Olakosain kokatutako Artxalgo udal ur-biltegira, biltegi-ama esan dezakegunera. Bertan kloratu eta banatzen da ura herriko beste ur-biltegi eta etxeetara.

Zaldibiak maitea du Aralarren jaio eta etxeko iturrira dakargun ura, hornidura Udalaren beraren eskumena delarik. Ur-sistema hobetzeko Udalak egina duen azterketaren baitan, lehentasunetako bat zen iragazte-sistema hau jartzea. Izan ere, kolpeko euri-jasak izatean, ur arrea sartzen zen hornidura-sisteman eta honi konponbidea emateko erronka hartu zen iaz. Gaztelu iturgintzak eta Eulerrek garatu dute sistema, iazko abendutik martxan dagoena.

Larunbat honetan, beraz, goizeko 10:30etik 12:30era ur-biltegia eta iragazki berria bertatik bertara ikusi eta azalpenak jasotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Eguraldia lagun izango dela ikusita, herritik bertatik oinez igotzeko deia luzatzen diegu herritarrei, izan Egileor auzotik gora, zein Arkaka edo Benta-berri/Olei-berriko eskaileretatik gora ere. Gogoratu, indarrean dagoen legediaren arabera, aire zabalean federatu gabeko kirola egiteko 6ko taldeak daudela baimenduta, gehienez.

OSINBERDE, ZALDIBIKO UDE kanpaina herriko ostalaritzan

Herri gutxik dute gurea bezalako iturburu emaritsu eta naturala, etxeko iturriraino ekarria. Balio edo altxor hori sustatzen jarraitzeko kanpaina bat jarri du abian Zaldibiako Udalak ostalarien laguntzarekin, herriko taberna eta jatetxeetan ere Zaldibiko ude kontsumitu dezagun, bertakoa, plastiko eta energia xahuketarik gabea.

Horregatik, herriko ostalariek Zaldibiako Udalak emandako pitxarrak jaso dituzte eta larunbatetik aurrera jatorduetan pitxarreko ura, Zaldibiko Ude, eskatzera animatzen ditugu herritarrak, botilako ura eskatu beharrean.

Zaldibian, 2021eko otsailaren 17an.