Ordutegi eta argi-ordu berriak Resti pilotalekuan

Zehaztu da jada herriko kirol talde eta eragileen antolaketaren arabera Restiren erabilera ordutegia. Gainera, egunak laburtzen hasi diren honetan, bere erabilerarako argi-orduak antolatu dira. Informazio osoa jarraian:

 

Hasi da 2024-2025 ikasturtea eta horrekin batera egin dira Restiko erabilera antolatzeko lanak. Frontoiko taulan bertan edota mezu honen amaieran daude ikusgai datorren ekainera arte Resti pilotalekuan lehentasuna izango duten jarduerak:

Hala nahi duen herritarrak eta astelehenetik ostiralera erabilera erregularrerako den kasuetan, libre dagoen orduren bat erreserbatzeko eskaera egin dezake Karreane kultur etxean. 

ARGIAK

Ohiko erabilera egiten duten arduradunek argiak pizteko aukera izango dute, eta pilotalekua erabilera librean ibili nahi dutenek ere argi-orduak erosteko aukera izango dute.

Nola erosi argi-orduak?

  • Karreane Kultur Etxean eros daitezke argi-orduak
  • Giltza elektronikoa baldin baduzu bertan kargatuko zaizkizu, eta ez baduzu giltza bat emango zaizu zure izenean (5€ko fidantza utzi beharko da).
  • Argi-ordu kopurua zehaztu eta bakoitzagatiko tasa (argi ORDU 1 = 3.09 EURO) ordaindu beharko duzu. (Urte berriarekin tarifa berria)
  • Giltzan kargatuta geratuko zaizkizun ordu horiek zuk nahi duzunean gastatu ahal izango dituzu.
  • Kontuan izatekoa: behin argiak piztuta ordubeterako piztuko dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Gehiago nahi izateko kasuan, itzali ondoren berriz piztu beharko dituzu, ordu-poltsatik bigarren ordu bat gastatuko zaizularik (izatekotan).

NEGUAN, ZER?

Kirol eta zerbitzuen arloan gaia aztertu ondoren, herrian dugun gune estali bakarretakoa izanik, baina aldi berean energiaren alferrikako kontsumoa eta gastua eragin nahi izan gabe, momentuz honela jokatuko da:

  • Astelehenetik ostegunera, pilotalekuan dauden jardueren ordutegiak ikusirik, 16:00etatik 20:00ak bitarte argiak piztuta egongo dira, automatikoki. 
  • Ostiraletan eta larunbatetan, 16:00etatik 22:00ak arte argiak automatikoki piztea programatu da, erabilera izango duela pentsatuz.
  • Igandeetan: arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara automatikoki piztuko dira argiak.
  • Bestelako jaiegun eta opor garaietan: ohikoaren antzeko planteamendua egingo da.

Ordu horietaz aparte inork argia nahiko balu, Kultur Etxean argi-orduak erosteko aukera dauka aurrez azaldu bezala.