Negozio txikien aldeko "Kaixo Goierri!" kanpaina aurkeztu da

Goierriko merkatariei ikusgarritasuna ematea, tokiko merkataritza eta kontsumoa sustatzea eta herritarrak kontzientziatzea du helburu Bidari lantaldearen kanpainak. Informazioa, kaixogoierri.eus atarian. Horren harira, Zaldibiako Udalak bertako komertzio txikia bultzatzeko poltsa berrerabilgarriak eta bestelako sariak izango dituen kanpaina abiatuko du festen ondorenean.

 

Gure eskualdean 5200 familia bizi dira Goierriko negozio txikietatik. Gure herrietako kaleak bizirik matentzen dituzte haien denden, tabernen eta zerbitzuen bidez, gertutasuna lehenetsiz eta alaitasuna zabalduz. Goierriko merkatariei, ostalariei eta zerbitzuak eskaintzen dituztenei esker du gure eskualdeak aberastasuna. Eta herritarron ardura da Goierriko negozio txikiak babestea, tokiko saltoki horiek galtzeak gure udalerrietako paisaia eta jarduerak pobretzea ekarri baitezake. Tokiko negozioak gabe Goierri ez litzateke Goierri izango, eta haiek babesteko modurik onena da Goierrin kontsumitzea”.

 

“Kaixo Goierri!”, eskualdeko merkatariekin elkarlanean garatuta

BIDARI lantaldeak sustatutako kanpaina hau eskualdeko merkatariekin elkarlanean garatu da, baita udalekin eta merkataritza elkarteekin ere. Merkatariak dira kanpainako protagonistak eta hainbat euskarri sortu dira kanpaina gizarteratzeko. Esaterako, sare sozialetan eta herrietako pantailetan zabalduko den sentsibilizazio bideo bat sortu da, non tokiko merkatariak agertzen diren, herri eta sektore desberdinetakoak.

“Helburua izan da merkatariak ordezkatuko dituen kanpaina bat sortzea, haiei ahotsa eta protagonismoa emanez, herritarrengana gerturatzeko eta Goierri guztiok osatzen dugula ikusarazteko”, azaldu dute BIDARI taldearen ordezkariek.

Horretarako, baita ere, landing page bat sortu da kanpainaren inguruko informazio guztia jasotzeko: kaixogoierri.eus. Bertan daude ikusgai sentsibilizazio bideoa eta baita merkatari bakoitzaren bideo indibidualak ere.

Gainera, Goierriko merkatariak, ostalariak eta zerbitzuak gure herrietako kaleetan daudenez, kanpaina kalera ateratzeko helburuarekin, totemak jarriko dira udalerrietako kaleetan, “Kaixo Goierri!” kanpainaren mezua zabaltzeko: “Goierriko negozio txikiekin aurrera!”.

Kanpaina borobiltzeko eta ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, Udaletako webguneetan bannerrak jarriko dira eta tokiko hedabideetan publizitatea ere egingo da.