Luberri Kirol aretoko erabiltzaileentzat 2026rako izen emate epea zabalik

Urte hasieran ireki zituen ateak Luberri Kirol Aretoak. 2026an erabiltzaile izaten jarraitu nahi dutenek edo erabiltzaile berriek izena emateko aukera dute urtarrilaren 15era arte. Aretoa Mugiment egitasmoan sartu da gainera, horrek erabiltzaileentzat hainbat aukera zabalduko dituelarik. Jarraian xehetasunak. 

 

2025ean zehar 100 erabiltzailetik gora izan ditu gimnasio zerbitzuak. Jarraian erabiltzaileentzako hainbat informazio garrantzitsu, baita erabiltzaile egiteko aukera aztertzen ari direnentzat ere:

2026an LUBERRIKO ERABILTZAILE IZATEKO ZER EGIN?

  • Lehendik erabiltzaile bazara: deitu, idatzi edo joan udaletxera edo kultur etxera eta esan erabiltzaile izaten jarraitu nahi duzula, zure izen-abizenak emanez. 
    • Telefonoak: Udaletxea 943 88 03 57 eta Kultur Etxea 943 16 03 38
    • E-maila: bulegoa@zaldibia.eus
    • Epea: urtarrilak 2, ostirala. Egun horretatik aurrera giltza elektronikoa baliogabe geratuko zaie gimnasioan jarraitu nahi dutela esan ez duten egungo erabiltzaileei. 
  • Erabiltzaile berria bazara: Kultur Etxean eman dezakezu izena. 
    • Urte osorako erabiltzaile izateko izen emateko azken eguna: urtarrilak 15. Urte osoko kuota: 70€
    • Honako aukerak ere badaude: sei hilekoa, 40€ edo hiru hilekoa, 25€.
    • Hobariak eska ditzakete ikasleek (16-25 urte bitarte izan eta ikasketa egoeran daudenek) eta pentsiodunek, beti ere urte osoko erabiltzaile badira.

 

KIROL ARETOAREN ORDUTEGIA:

Astelehenetik Ostiralera:  8:00etatik 21:00etara

Larunbat, igande eta jaiegunetan: 9:00etatik 21:00etara

Oharra: garbiketa lanak direla eta, ASTELEHENETAN eta ASTEAZKENETAN 8:30etik 09:30era ITXITA egongo da kirol aretoa. 

 

MUGIMENT KIROL TXARTELA:

Urte berriarekin, Mugiment kirol txartela erabilgarri izango da Zaldibian ere, Zaldibiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu ostean. Txartel horren bidez, Mugiment kirol txartelarekin bat egin duten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako herrietako kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte zaldibiarrek, kostu gehigarririk gabe, eta baita alderantziz ere.

Beste herrietako kirol instalazioetara joan ahal izateko, erabiltzaileek Kirol Txartela Mugiment aplikazioa deskargatu beharko dute (erabilgarri dago Google Playn zein App Storen), eta erregistratu. Aplikazioaren bidez egin ahal izango dituzte erreserbak: kiroldegi bakoitzak kudeatuko ditu erreserba horiek (onartuz edo ukatuz). Kirol instalazioan, NAN txartela eta txartel birtuala erakutsi beharko dituzte.

Jarduera fisikoa eta kirola egiteko erraztasunak eman eta aukerak biderkatzea da Mugiment kirol txartelarekin bat egiteko erabakia. Udalerri bakoitzak aukera dauka erabakitzeko kirol txartelaren bidez zein zerbitzu eskainiko dituen, eta zein ordutegitan; zerbitzu horiek aldagarriak izan daitezke, momentuko beharren arabera (obra edo ekitaldi bereziren bat badago, esaterako). Zaldibiako kasuan, Luberri kirol aretoa eskainiko da kanpotiketor daitezkeen erabiltzaileentzat, honako ordutegian: Astelehenetik ostiralera: 12:00etatik 16:00etara. 

Laster jasoko dute Zaldibiako Udaleko teknikariek egitasmo honi buruzko formakuntza eta horrela Zaldibiako erabiltzaileei kirol txartela nola erabili azaltzeko eta zalantzak argitzeko moduan izango gara.

 

LUBERRIKO KIROL ARETOKO ERABILTZAILEEN TELEGRAM KANALA:

Gimnasioari dagozkion albiste eta ohar zehatzak jasotzeko, KANAL HONETARA batu daitezke Luberriko erabiltzaileak.