Maiatzaren 22an, ostirala, “Jolasa plazara” ekimenaren barruan LGBTI+fobiaren aurkako auzolana egingo da. Hasiera batean aurreko astean egitekoa zen jarduera, maiatzaren 17ko nazioarteko eguna aitzakia hartuta, baina eguraldi txarragatik atzeratu behar izan zen. Azkenean, ostiral honetan egingo da hitzordua, 16:15ean herriko plazan elkartuta.
Ekimenaren helburu nagusietako bat herrian agertutako gorrotozko pintaketen aurrean erantzun kolektiboa ematea izango da. Horretarako, LGBTI+ ostadarrak margotuko dira hainbat gunetan, aniztasunaren, errespetuaren eta askatasunaren aldeko mezua zabalduz. Herria modu hezitzailean eraikitzeko eta komunitatea indartzeko modu bat ere bada ekimena.
“Zaldibian herri moduan hezten dugu” lelopean aurkeztu da jarduera, eta haur, gazte zein helduei parte hartzeko deia egin zaie. Parte hartzaileei mantala, pintzelak eta isipua eramateko eskatu zaie.