Zaldibiako udalbatzak gehiengo osoz bi mozio onartu zituen atzoko plenoan, EH Bilduren aldeko bozkarekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin. Lehen mozioa, LGBTI+ harrotasunaren ingurukoa, eta bigarrena, Kuba terrorismoa babesten duten estatuen zerrendatik kentzeko eskatuz. Jarraian irakurgai bi adierazpenak.
Maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu Ekainaren 28an, LGTBIQ+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGTBIQ+ mugimenduaz.
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak… ezartzea ezinbestekoa da. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.
Horregatik guztiagatik Zaldibiako udalak konpromisoa hartzen du, gure herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzeko. Prozesu hau, herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko dugu.
Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Eta guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28!
Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Kuba "terrorismoa babesten duen estatutzat" jotzea zinikoa eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa argia da. Izendapen hori 2015ean kendu zuen Obama administrazioak, ebaluazio sakon bat egin ostean; alabaina, Trumpek bere aurreko legegintzaldiko aginteko azken egunetan berriro ezarri zuen, Kubaren aurkako gerra ekonomikoaren azken ekintza gisa.
Izendapena ankerra da, Kubako herriari ahalik eta sufrimendu handiena eragiteko diseinatuta baitago: bere ekonomia ito egiten du, familiak lekualdatzera behartzen ditu eta laguntza humanitarioaren fluxua ere murrizten du. Nazio Batuetako adituen arabera, izendapen horrek "oinarrizko giza eskubideak ahuldu ditu, hala nola elikadura eskubidea, osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, eskubide ekonomiko eta sozialak, bizitzeko eskubidea eta garapenerako eskubidea".
Izendapena ilegala da, "estatuen berdintasun subiranoaren printzipioa, estatuen barne kontuetan esku hartzea debekatzea eta gatazka nazioartekoak modu baketsuan konpontzeko printzipioa" urratzen baititu NBEko aditu juridikoen arabera. Izendapenak eragindako muturreko eta lurraldez kanpoko zigorrak, beraz, nazioarteko zuzenbidearen urraketa argia dira.
2024ko maiatzean, AEBetako Estatu Departamentuak, azkenean, Kuba "terrorismoaren aurkako borrokan AEBekin guztiz ez kolaboratzeagatik" zigortzen zuen zerrendatik kendu zuen. Baina hori ez da nahikoa. Kuba oraindik pairatzen ari da ekonomiaren esparru internazionalean bere bazterketa ziniko, anker eta ilegalaren ondorioak.
2025eko urtarrilean, egun gutxiren diferentziarekin, Biden administrazioak Kuba "terrorismoa babesten duten estatuen" zerrendatik kendu zuen, eta nazioarteko komunitateak pozik hartu zuen erabakia. Hala ere, ondoren Trump administrazioak berriz ere "terrorismoa babesten duen estatu" gisa izendatu zuen Kuba, eta horrek berriz ere ondorio larriak eragin ditu Karibeko herrialdearentzat.
ERABAKI-PROPOSAMENA