Lardizabal ikastetxeko ikasleek bilera egin dute Alkatearekin

Eskolako Agenda 21 egitasmoaren harira, burututako lana azaldu diote udal arduradunari.

ESKOLAKO AGENDA 21 ZALDIBIA 2011-12 ikasturtea

Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan, 2005an hondakinen gaia aztertzen hasi ginenetik, ugariak izan dira gure herriko ingurumenaren ezagutza handitzeko emandako urratsak: hondakinak, kontsumoa, ura, biodibertsitatea... 7.urte honetan, berriro ere BIODIBERTSITATEA izan dugu oinarrizko gaia, nahiz eta orain arteko gaiak ere landu ditugun. 

Eskolako ikasle guztiak aritu gara programa honetan lanean. Ekintza desberdinak zikloka antolatu dugu, ikuspuntu desberdinak aztertu ditugularik.

BARATZA

HHko eta LHko 1. zikloetako ikasleek eskolako baratzean aritu gara lanean eta tokiko produktuaz elikatzeak dituen onuraz jabetu gara. Eskolako Txoko Berdean baratzean ateratako argazkiak zintzilikatu ditugu. Landatu ditugun landare bakoitzarekin fitxa bat osatu dugu: ilarra, baratxuria, tipula, letxugak, brokolia eta abar.

Merkatuan barazki-landareak nola saltzen diren ikusi dugu.

ANIMALIAK ETXEAN ETA INGURUAN

LHko 1. ziklokook gure etxeetan ditugu maskoten inguruan ere aritu gara lanean: nola zaindu, izan behar ditugun ardurak, animalia guztiak ezin direla gure etxeetara egokitu, kanpoko espezieak ekartzearen arazoak... Arrano Etxean galduta eta zaurituta dauden animaliak jasotzen dutela ikasi dugu eta batez ere, kanpokoak direnak, hauek ezin baitira aske utzi.

ERREKAREN AZTERKETA

LHko 2. eta 3. zikloetako ikasleek Amundarain errekara jaitsi gara, bertako ekosistema lantzeko asmoz. Azterketa ugari burutu ditugu:

Ibaiertzeko landaredia aztertu dugu eta zuhaitz mota asko ikusi ditugu: makala, astigarra, sahatsa , lizarra, haltza, zumarra, urkia, haritza, pagoa, hurritza, gaztainondoa eta gorostia. Baita ere platanoa.

Animaliei dagokionean, batez ere intsektuak izan dira ugarienak eta horretarako, harri azpitan begira aritu gara. Hauetaz gain, igel-arrautzak, sugandila, barraskiloak eta ahate asko ikusi ditugu. Hegaztiak ere sumatu ditugu, beraien kantuei esker. Dena den, pentsatzen dugu ikusitako animaliak gutxi direla eta berez, gehiago egon beharko direla. Ezkutatuta izango ziren edo gu iristean ihes egingo zuten!

Uraren egoera aztertu dugu. Eskularruak jarrita, benetako ikertzaileen modura probeta eta guzti, uraren azterketa fisiko-kimikoak egin ditugu: tenperatuta, oxigeno maila, pH-a, fosfatoak, nitratoak...

Zaborra biltzeko ere aprobetxatu dugu, baita plastikozko poltsa eta hondakin dezente atera ere!

KOTXERIK GABEKO EGUNA

Irailean, kotxerik gabeko mundu mailako astea aprobetxatuz, ekintza desberdinak burutu ditugu: eskolara oinez etortzen saiatu gara eta gure marrazkiekin, eskola barrua apaindu dugu.


JASANGARRITASUN ZIURTAGIRIA

Iaz, gure Eskolako Agenda 21 programa ebaluatzera etorri ziren Eusko Jaurlaritzatik eta eskatzen dituzten baldintzak betetzen ditugulako, Eskola Jasangarria Ziurtagiriaren bandera jaso genuen. Eskolako atarian jarri dugu, denen begi bistan egon dadin.


Gure konpromisoak:

Guztion parte-hartzea behar beharrezkoa denez, gu ere konpromiso batzuk hartzeko prest gaude:

Gure maskotak ondo zaindu, behar duten jana eta ura emanez, garbi mantenduz eta tratu ona emanez.
Parkean zaborrik ez dugu botako. Ibaiara ere ez.
Landareak zainduko ditugu, zuhaitzei adarrik moztu gabe.
Animaliak errespetatuko ditugu.

Proposamenak Udalari:

Iaz landutako gaia errepikatu dugunez, Udalean aurkezten dizuegun eskaerak ere iazkoen antzekoak izango dira:

Zaldibiako biodibertsitatearen gida edo katalogoa egitea.
Biodibertsitatearen aldeko kanpainak egitea.
Herriko berdeguneak zaintzea.
Eskolako baratzean karteltxoa ipintzea bertan pixa ez egiteko.
Ibaia nola zaindu behar den jakiteko kartelak jarri eta arauak bete araztea.

Eta aurreko urteetako gaiei dagokionean:

Zakarrontzi gehiago jartzea.

Hau da ikasturte honetan guztion artean burututako lanaren laburpena. Eskerrik asko programa garatzen lagundu diguzuen guztioi eta gure iritzia plazaratzeko ematen diguzuen aukeragatik.