Zaldibiako Udala osatzen dugun ordezkari guztiok aho batez ondorengo adierazpen instituzionala plazaratu dugu lan erreformaren inguruan eta martxoaren 29ko grebarekin bat eginez.
LAN ERREFORMAren INGURUko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Zaldibiako Udalak 3/2012 Erret Lege Dekretu barruan dagoen lan erreformaren kontrako gaitzespena adierazten du, lehiakortasunean irabazteko helburua duela esaten duen arren, lan merkatuaren arautzea aldatzea helburu duelako eta lan baldintzak eta soldatak baliogabetu eta narriatzen dituelako.
Zaldibiako Udaleko osoko bilkurako kideok lan-erreforma salatu nahi dugu, enpresa kudeaketa eskasaren eta ekonomia eredu okerraren ondorioen zama guztia langileen bizkar gainean utzi nahi duelako eta horregatik, Espainiako Erresumako Gobernuari lan-erreforma lehenbailehen indargabetzea eskatzen diogu.
Zaldibiako Udaleko osoko bilkurako kideok, Lan Harremanen Euskal Herriko Esparrua indarrean jartzea eskatzen dugu, lan merkatua arautu behar duten legeak erabakitzeko aukera euskal herritarroi emango diguna.
Zaldibiako Udalak enplegurako politika eraginkorren eskumena osorik transferitzea exijitzen du eta zerga eta tributu politikak ez eragoztea; horrek ahalbidetuko du Euskal Herritik bertatik enplegua sustatzeko behar diren neurriak garatzea, gure berezitasunak kontuan izanik.
Zaldibiako Udaleko osoko bilkurako kideok, herritarrei dei egiten diegu martxoaren 29an lan-erreformaren aurka deitutako Greba Orokorrean parte har dezaten.
Zaldibiako Udaleko osoko bilkurako kideok Gipuzkoako legebiltzarkide hautetsiei kongresuan eta senatuan lan-erreformaren aurkako botoa ematea eskatzen diegu.
Zaldibian, 2012ko martxoaren 28an