Azken 24 orduetan Zaldibian ere, koronabirus gaitzaren zabalpenak Zaldibian hartu duen bilakaera kezkagarria da. Hemen duzue Zaldibiako Udalaren oharra.
Gaurko egunez, 2021eko martxoaren 26an, herritarrengandik jasotako informazioari esker badakigu Zaldibin gutxienez 11 positibo plazaratuko dituela eguerdian Eusko Jaurlaritzak publikatu ohi duen txostenak. 11 positibo hauetan denetik dago: haurrak, gurasoak, atton-amonak…. Ohitura eta inguru ezberdinetako herritarrak dira.
Momentu honetan gutxienez 90 zaldibitar inguru daude beren etxeetan berrogeialdia betetzen eta honek esan nahi du datozen egunetan positibo kopuruak gehituz joan daitezkeela.
Gogorarazi nahi dugu, Koronabirus gaitzaren zabalpena ekiditeko Zaldibiako Udalak etxez etxe jasotzen dituela positibo eman dutenen hondakinak. Horretarako positibo eman duten herritarrek Zaldibiako Udalera deitu behar dute 943 880 357 zenbakira.
Gogoan izan positibo nahiz berrogeialdia gorde behar duten herritar orok aukera duela Zaldibiako Udalaren bidez janari eta premiazko lehengaien erosketa etxetik egiteko. Informazio gehiagorako deitu Udalera.
ZALDIBIAKO UDALETIK OSASUN NEURRIAK ZAINTZEKO DEIA EGIN NAHI DIZUEGU
Egun hauetan bereziki inoiz baino gehiago NEURTU behar ditugu gure eguneroko joan etorriak eta harremanak. Denok dakigu zein diren hartu beharreko neurriak eta hauek zorrozteko beharra dagoela uste dugu, zukati eta danokati.
Zaldibiako Udaletik harremanetan gaude Osasun Sailarekin, egoeraren inguruko balorazio amankomuna egin nahian. Hala ere ez da zain egoteko garaia. Elkar zaintzeko eta neurriak zorrozteko garaia da.
Eutsi horri!
Zaldibian, 2021eko martxoaren 26an
Eztitxu Mujika Mariezkurrena
ZALDIBIAKO ALKATEA