Astea badoa aurrera, eta Euskararen egunari begira hainbat zaldibitarri eginiko elkarrizketetan hirugarrena dugu gaurkoa. Rakel Andres Duráren eta Santi Gassoren txanda da.
RAKEL ANDRÉS DURÁ ETA SANTI GASSO
Zer eskaini dizue euskarak?
SANTI: Niretzat euskara da hizkuntza gutxitu bat bizirik mantentzeko borroka egiteko aukera.
RAKEL: Komunikatzeko modu bat ikastea, beste edozein hizkuntza bezala: hitz egiteko, sentitzeko, etxea egiteko modu bat. Kanpokoak garenoi euskarak aukera ematen digu hizkuntzak bakarrik irekitzen duen espazio horietan sartzeko.
Osasuntsu ikusten al duzue euskara Zaldibian?
SANTI: Baietz uste dut.
RAKEL: Ezin dut beste garai batzuekin alderatu, hiru urte daramatzagulako hemen bizitzen. Hala ere, ni Alacantekoa naiz, eta bertan valentziarra biztanleen % 2k erabiltzen du. Beraz, niretzat euskara asko erabiltzen da Zaldibian.
Herritarrok zer egin dezakegu euskaren erabilera handitzeko?
SANTI: Euskara ikasten dugunontzat zailtasun gehigarria da euskalkia. Horregatik, oso lagungarria zaigu gurekin euskara batuan hitz egitea. Apurka-apurka euskarazko hitzak esango ditugu, baina guretzat hobe da euskara batuan hitz egitea gaztelaniaz hitz egitea baino.
RAKEL: Garrantzitsuena da kanpotik etorri garen pertsonokin gaztelaniaz ez hitz egitea. Herrialde Valentziarrean arazo handia dugu diglosiarekin, eta ikusten dut Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen dela. Zaldibiako hizkuntza euskara dela eta hemen bizitzeko euskara beharrezkoa dela herri gisa frogatzeko modu bakarra da euskara erabiltzea. Kanpoko pertsonak beti erantzun dezake gaztelaniaz, behar badu, baina zaldibitarrak eutsi egin behar dio euskararen erabilerari, eta, asko jota, besteak ulertzen ez duen zerbait itzuli. Esperientziak erakutsi dit hizkuntza bat ikasteko modurik eraginkorrena murgiltze linguistikoa dela. Bestalde, esan nahi nuke "Zer?" hitzak ez duela beti esan nahi euskara ulertzen ez dudanik; batzuetan, ondo entzun ez dudala ere esan nahi du.
Bukatzeko. Zein da euskaraz gehien gustatzen zaizun hitza?
SANTI: Independentzia!
RAKEL: Kaiku!