Jose Angel Otxoa de Eribe preso politiko ohiaren heriotza dela eta

Zaldibiako EH Bilduk gaiaren larritasuna medio eta urgentziaz, ondorengo adierazpena aurkeztu zion Zaldibiako Alkateari, honek udalbatzari proposamena mahai gaineratu eta Zaldibiako Udalbatzak onartu zezan. Aho batez onartu zen honako adierazpena astearteko Osoko Bilkuran.

ADIERAZPENA


Jose Angel Otxoa de Eribe euskal preso politiko ohiaren heriotza albistea jaso dugu gaur. Samina eragin digu, edozein heriotza mingarria delako. Baina sentipen hori are mingarriagoa zaigu espetxe-politikak hil duelako, Estatuak ez baitu gizalegez jokatu gaixotasun larri eta sendaezina zuen presoarekin. Amaiera hau bestelakoa izan zitekeen.

Joxe Angel Otxoa de Eriberen familiari eta ingurune hurbilari gure laguntza eta babesa eskaintzen dizkiegu atsekabean. Berandu detektatu zioten gaitza, eta berandu ekin ahal izan zion tratamenduari. Berandu askatu zuten, beranduegi. Gaixotasun larri eta sendaezina duten 21 presoen zerrendako bat zen Jose Angel, eta bera aske uzteko tramite eta gestioak ikaragarri zailak izan ziren.

Premiazkoa da larriki gaixorik dauden presoak lehenbailehen aske uztea. Gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen egoeraren adibide garbia dugu Otxoa de Eriberen heriotza. Pertsonen kartzelaldia luzatzeak haien bizi-itxaropena murrizten du. Azken urteetan euskal preso politikoen kopurua jaitsi egin bada ere, nabarmen hazi da gaixotasunen bat dutenen kopurua. Gaixorik den edozein pertsonak behar ditu arreta berezitua eta ingurune egokia, sendagaiez gain, are gehiago gaixotasuna larria edo sendaezina denean.

Otxoa de Eriberen heriotza salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diegu herritarrei. Era berean, presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko dei egiten dugu, eta bereziki gaixorik larri daudenen alde jarduteko, mendekuan oinarritutako ankerkeria honek berehala amaitu behar baitu. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak premiaz askatu beharko lituzkete, esate baterako, Txus Martin, Kepa Arronategi eta Ibon Fernandez de Iradi. 2019 honetan Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez hil dira, kartzelak haien gaitza nabarmen areagotu ondoren. Ez dugu nahi hiltzeko atera ditzaten: gaixotasunari aurre egiteko baldintzak eta denbora behar dituzte.

Udalbatzak aho batez onartua, Zaldibian, 2019ko urriaren 29an.