Ireki da udaleko Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea

4 lanpostuetarako oinarriak BOEn argitaratu ostean, maiatzaren 9ra bitartean izango da izena emateko epea. Udalak iazko maiatzean onartu zuen 4 lanpostu eskaintzea LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez, Espainiako Gobernuaren Egonkortze Legeari jarraituz.

 

Ireki da Zaldibiako Udaleko Lan Eskaintza Publikoan izena emateko epea, maiatzaren 9ra bitartean. Udalak 2022ko maiatzean onartu zuen 4 lanpostu LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez eskaintzea, Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan onartutako Egonkortze Legeari jarraituz. Abenduan 27an lanpostuen oinarriak GAOn argitaratutaBOEn argitaratzea baino ez zen falta izen-ematea ireki ahal izateko.

Izen-ematea bi modutara egin ahal izango da: elektronikoki, udaleko zerbitzu telematikoen bidez edo udaleko erregistroan.

Administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaistea du helburu Espainiako Gobernuaren 2021eko abenduko Egonkortze Legeak. Legearen bi gako nagusiak derrigortasuna eta egutegia dira. Orain arte, behin-behinekotasun tasa jaisteko helburua izan duten antzeko legeak ere egin izan dira, baina “borondatez” betetzekoak ziren: administrazio bakoitzak erabaki zezakeen Lan Eskaintza Publiko berezi horiek egin edo ez. 2021eko abenduan onartutakoa, ordea, derrigor bete beharrekoa da. Legeak, gainera, egutegi bat zehazten du, eta 2024ko abenduaren 31rako amaitu behar dira prozesu guztiak.

Egonkortze Legeak bi prozesu mota aurreikusten ditu. Lanpostuaren arabera, oposizio-lehiaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesuak, eta baldintzak betetzen dituen edonork aurkeztu ahal izango du: lanpostua behin-behinean betetzen ari den langileak, administrazio bereko beste langileek, beste administrazioetakoek, enpresa pribatuan lan egiten dutenek...

Zaldibiako Udalak egonkortu asmo dituen 4 lanpostu horien kasuan, guztiak meritu lehiaketa hutsez ebatziko dira.

 

Oinarriak ikusteko: HEMEN

Izena emateko lotura: HEMEN

Epea: MAIATZAK 9