Pasa den asteartean idatziz eskatu eta gaur ostirala, Euskal Jaurlaritzako Osasun Sailetik jaso dugun erantzuna etsigarria da. Herrian bizi dugun egoera gainditzeko, herritarrei elkar zaintzeko eta Osakidetzako profesionalekin elkarlanean jarraitzeko deia luzatzen diegu ez dago besterik.
Azken bi asteotan bizitzen ari garenak orain arteko marka guztiak hausten ditu. Egoera hau gainditzeko elkarlana eskatzen ari gara hasiera-hasieratik Osasun Sailari eta zuei, herritarroi. Alde guztiek ardura hartzea eta denon ahalegina da kate hau berehala mozteko modu bakarra.
Herritarrei bezala, Osasun Sailari eskaerak egin izan dizkiogu hasieratik. Udaletik bat egin dugu egunotan herritarrek duten haserrearekin. Izan ere, Osasun Sailaren aldetik eta egoeraren larritasuna begi-bistan izanda, nabarmena izan da eskura dauden tresna guztiak ez direla jarri, ezta garaiz ibili ere. Iritsi berri zaigun erantzunean Sailburuari asteartean bidalitako gutunak erantzuna jaso du.
Albistearen amaieran atxikita dago erantzuna bere horretan, herritarrek osorik irakurri ahal izan dezazuen. Udalean etsigarritzat baloratu dugu erantzuna, guk egindako eskaera eta galdera zehatz bakar bati ere ez zaiolako erantzuten. Baheketaren inguruan, berriz, “irizpide epidemiologikoengatik” ez dela egin adierazten zaigu, bestelako zehaztasunik gabe. Ondoren, Covid-19a aurkako tresnak denok ezagutzen ditugula dio, hauek zerrendatuz.
Erantzuna ikusita eta oraindik egunero-egunero agertzen ari diren kasuak ditugunez, gaur 5 gehiago, Zaldibiako Udaletik honakoa adierazi nahi dizuegu herritarroi:
Lehenik, momentuko egoeraren berri ematea: herriko olatu honetan lehen kaltetuak izan zirenak pixkanaka ateratzen hasiak diren honetan, orain haien etxeko eta ingurukoengan dago jarrita arreta, baina baita kasu erabat berrietan ere. Ospitaleratuei dagokionez zorionez guztiak etxean daude, atzo etxeratu ziren azkenak, eta indarrak berreskuratzeko lanetan ari dira.
Bigarrenik, datozen egunetarako erronka: helburua kutsatze katea moztea da. Ohartarazten gabiltza hasieratik aldaera britainiar omen delako honen kutsakortasuna handia dela, baita ospitaleratze kasuak ere. Berriro azpimarratu nahi dugu kutsatu den norbaitekin harremanen bat izan edo sintoma txikiren bat sumatuz gero Osakidetzarekin harremanetan jartzeko eta proba egiteak duen garrantzia.
Ordiziako Osasun Zentroa: 943 00 76 35
24 orduko arreta eskaintzen duen telefonoa: 900 20 30 50
Hirugarrenik, positibo eman duzuenoi Osakidetzako arakatzaileekin kolaboratzeko eskatzen dizuegu, orain artean bezela, kateak mozteko ezinbestekoa da. Kutsatuaren inguruko baheketa txiki hauek dira eskura jarri dizkiguten tresna bakarretakoak.
Eta bukatzeko, egun hauetan neurtu ondo harremanak, saihestu aurreragorako utzi daitezkeenak, elkartzekotan aire zabala lehenetsi eta zorroztu prebentzio neurriak: eskuen garbitasuna, distantzia, maskara, aireztapena.
Gogoratu Zaldibiako Udala hemen duzuela eta badakizue hondakinak etxez etxe jaso eta beharrezko dituzuen janari eta oinarrizko produktuak etxeko ateraino eramateko zerbitzuak martxan ditugula. Positibo eman baduzu deitu 943 88 03 57 telefonora, bertan aurkituko gaituzue.
Zaldibian, 2021eko apirilaren 9an.