Herriko jaietan izandako eraso matxista salatu dute Askek eta Zaldibiako Udalak

Urriaren 12an eraso matxista bat gertatu zen Zaldibiako taberna batean. Horren aurrean, gertatutakoa salatu eta erasotutako emakumeari babesa agertu diote Askek eta Zaldibiako Udalak. Jarraian adierazpena irakurgai. 

 

Hona hemen adierazpena:

 

Beste behin ere, eraso matxista bat salatu beharrean gaude; erasoaren aurrean, hasteko, gure babesa adierazi nahi diogu erasotua izan den emakumeari. Era berean, eraso hau erabat gaitzetsi nahi dugu.

Festetako azken gauean, urriaren 12an, goizaldeko 4:00ak aldera, herriko Beti Gazte tabernako komunetan ondokoa gertatu zen:

Komunera sartzeko ilaran ispilu parean zain zegoen herriko emakume bat. Alboan, herrikoa ez zen gizonezko bat zegoen zain, beragandik metro erdira. Eta kanpoan ilaran beste lauzpabost gizonezko, haiek ere komunera sartzeko zain. Halako batean, emakumearen ondoan zegoen gizonezkoak zakila atera zuen eta horrelaxe egon zen gutxienez bi minutu luzez ispiluan begira. Bitartean ilaran zeuden gizonezkoen barre algara eta konplizitate komentarioak ez ziren falta izan, emakumea isilik, deseroso, egon zen bitartean.

Zorionez, emakumeak ziurtasunez erantzun zion egoerari. Deseroso sentitu zela esan zien, egoera desatsegina izan zela, eremu publiko batean honelako ekintza bat gauzatzeak ondorio legalak izan ditzakeela azpimarratu zien eta ilaran zeuden gizonezkoen konplizitatea ere gaitzetsi zuen. Gizonezko haiekin hitz egin eta ikusarazi zien egindako ekintza hark zer ondorio izan ditzakeen han presente zegoen edonorentzat.

Kezkatuta gaude. Kezkatuta eta haserre.  Ez dira anekdotak egunero pairatzen ditugun erasoak; ez dira kasu bakanak. Badirudi gure herrian ere emakumeok ezin dugula parrandan lasai atera. Beldurrean hezten gaituzte, beldurrez bizi behar dugula sentiarazten digute, kalean non, noiz eta norekin egon gaitezkeen ondo pentsatzeraino. Baina zer gertatzen da erasotzaileekin? Eta haien konplizeekin? Noiz ikasi behar dute harremanek errespetuan eta askatasunean oinarritu behar dutela? Noiz, haien menpeko ez garela?  Ez dio axola tokiak edota testuinguruak, jarrera matxistek ez dute lekurik, onartezinak dira. Nahikoa da!

Funtsezkoa da honelako egoerak salatzea eta era kolektiboan erantzutea. Eraso matxistak, edozein mailatakoak izanda ere, ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu; indarkeria hau sistema patriarkalaren ondorioetako bat da, helburu zehatz batekin: emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzea.

Herri parekide bat nahi izatekotan, hauek gaitzetsi eta berdintasunaren aldeko pausoak ematea dagokigu. Matxismoaren aurkako borroka guztion erantzukizuna da, emakume zein gizon. Eraiki dezagun etorkizun feminista denon artean.